Nafarroan bizi diren pertsona guztiendako osasun arreta bermatuta dago, beren legezko egoera edozein dela ere

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 17a, 08:07

Nafarroako Gobernuak azaldu du osasun-estaldura unibertsala eta doakoa bermatzen diela Foru Erkidegoan bizi diren pertsona guztiei, osasun-txartela eduki edo ez, zenbait migratzaile-kolektibok koronabirusaren sintomak izanez gero nola jokatu behar duten jakiteko duten kezkaren aurrean.

Migrazio eta Justizia Politiken Departamentua, Osasun Sailarekin koordinatuta, informazio hori helarazten ari zaie migratzaileen kolektiboei, eta adierazten zaie Nafarroako Gobernuak ezarritako protokoloari jarraitzeko; hau da, gaixotasunarekin lotutako sintomak daudenean dagokion osasun-zentrora deitzea, edo 112 zenbakira, premiazko arreta behar denean.

Foru Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko arreta-telefonoek (112 eta Osasun Kontseilua, 948 290 290) itzulpen-sistemak dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz komunikatu ezin duten migratzaileek jatorrizko hizkuntzan egin ahal izan dezaten, bai larrialdietako telefonoetan, bai osasun-zentroetan.

Ildo horretan, Eduardo Santos Migrazio Politiken eta Justiziaren kontseilariak astelehen honetan adierazi duenez, "Estaldura erabatekoa eta doakoa izango da Nafarroan bizi diren pertsona guztientzat, edozein dela ere haien egoera legala edo administratiboa".

Adierazi duenez, "Oso garrantzitsua da hau herritar guztien belarrietara iristea, beste edozein kontsiderazioren gainetik dagoen osasun larrialdiaz ari baikara".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!