Bisitetarako San Jose hilerriko sarbidea itxi dute

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 16a, 17:59

Komun publikoak ere itxi ditu Iruñeko Udalak, eta desinfekzio lanak areagotu egingo ditu  autobusen geltokietan, supermerkatu eta elikadura denden inguruetan, eta zabor edukiontzien inguruetan.

Iruñeko San Jose udal hilerriak ateak itxi dizkie astelehen honetatik bisitariei, Covid-19 koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko alarma egoera ezarri baitzuen Espainiako Gobernuak. Barrura sartzeko murrizketa egoera hori luzatzen den bitartean luzatuko da.

Hala ere, hileta zerbitzu programatuak egiten jarraituko dute, bai errausteen kasuan, bai ehorzketen kasuan. Kasu horietan, gertukoei bertaratzeko baimena ematen zaie, baldin eta 20 pertsona baino gehiago ez badira, jendetzarik ez badago eta hileta-zerbitzuetan parte hartzen dutenen artean bi metroko tartea badago.

Iruñeko Udalak astelehen honetan onartu du neurria, 463/2020 Errege Dekretuaren esparruan dituen eskumenak baliatuz.

Komun publikoak ixtea

Udalak erabakitako beste higiene neurrietako bat, udal komun publikoak ixtea da. Gaur egun, Iruñeak komunak ditu Gurutzeko plazan, Bosquecillon, Foruen plazan, Sarasate pasealekuan eta Antoniuttin, baita hogeita hamar komun autolinpiagarri inguru ere, hirian zehar banatuta.

Ixteko eta erabilera murrizteko erabaki horien helburua da koronabirusaren hedapena ahalik eta gehien murriztea, zirkunstantzia bereziak direla eta, kutsadura-foku bihur daitezkeen lekuetan, Udalak zehaztu duenez.

Desinfektatzeko neurriak indartzea

Ildo beretik, Udalak garbiketa eta desinfekzio lanak indartu ditu hirian, eta ohiko lanez gain, beste lan batzuk ere gehitu dira, batez ere eremu sentikorretan. Zehazki, garbiketa-zerbitzuak antolatu dira desinfektatzailea duten ur-ekipoekin, hiriko osasun-zentroen inguruetan eta ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara sartzeko ibilbideetan jarduteko. Baita zaharren egoitzen inguruetan ere.

Desinfekzio lanak areagotu egingo dira autobusen geltokietan, supermerkatu eta elikadura denden inguruetan, eta zabor edukiontzien inguruetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!