Nafarroako 58 ikastetxek bertsolariak izango dituzte aurten ere ikasgeletan

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 13a, 13:13

Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Bertsozaleen elkarteak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programaren kontratua sinatu dute.

Nafarroa osoko 58 ikastetxetan bertsolaritza irakatsiko da 2020. urtean ere, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak aste honetan sinatu duten kontratuari esker. “Bertsolaritza irakaskuntzan” programaren edizio berriak 125 ikastalde aurreikusi ditu, 11 ikastordu talde bakoitzean, bertsolaritza eta inprobisazioa landu eta sustatzeko.

Departamentuaren eta elkartearen arteko lankidetza luzearen jarraipena da programa, mota honetako lehen kontratua 1986. urtean sinatu baitzuten bi aldeek.

“Bertsolaritza irakaskuntzan” hezkuntza-programaren helburua da ikasleengan konfiantza eta segurtasuna sustatzea, komunikazioa hobetzea eta hitz-jarioa indartu daitekeela ikusararaztea. Programan bertsoaren ezaugarriak lantzen dira: teknika, erritmoa, metrika eta errima. Gainera, euskal literaturan bertsoaren ahozko tradizioa ezagutaraziko dute.

Nafarroako B eta D ereduetako ikastetxeetan eskolatutako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat da programa. Bertsolari batek eskolak zuzenean ematen ditu, eta ikasle bakoitzak gida didaktiko bat eta koaderno bat jasotzen ditu. Proposamen didaktikoan euskalkietan egindako bertsoak sartuko dira. Saioetan, bertsolariarekin batera, taldeko irakasleak ere izaten dira, bertsolariarekin koordinaturik. Horrela, irakasleak bertsolaritza irakasteko metodoak ezagutu ditzake eta aholkularitza teknikoa jasotzen du bertsolaritzako ekitaldi edo lehiaketak egin ahal izateko. Talde guztien bertso onenak bilduko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!