Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, Carlos Gimeno, Santos Indurain, eta Javier Remirez kontseilariekin azaldu da gaur arratsaldean prentsaurrekoan. Nafarroako Gobernuak neurri murriztaile berriak ezartzea erabaki du, koronabirusaren aurrerapena dela eta. Besteak beste, hezkuntza maila guztietan aurrez aurreko irakaskuntza jarduera gutxienez bi astez etetea erabaki du. Lanbide Heziketako erakunde publiko edo pribatu guztietan aurrez aurreko prestakuntza jarduera etetea eta jarduera kolektiboak mugatzea ere agindu du.
Gainera, Nafarroako Gobernuak 112a indartzea erabaki du, enpresei gomendatu die telelana eta kontziliazioa bultzatzeko malgutasuna sustatzeko, ekitaldi eta bilera sozialak ahalik eta gutxienera murrizteko eskatu du, eta adinekoak edo pluripatologikoak etxetik ez ateratzeko aholkatu du.
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak hedabideen aurrean egindako agerraldian adierazi duenez, "jakitun da dagoen kezkaz, herritarren zalantzez eta dagoen beldurraz", eta egoerak "administrazio gisa esfortzua eskatzen du eta herritar guztiei ere esfortzua eskatzen die".
"Gobernuaren neurriak eta gomendioak betetzeko herritarren erantzukizuna" eskatu du. "Ardura handiz jokatu behar dugu, eta jakitun izanda osasun publikoa nafar bakoitzari dagokigula. Denok gara erantzuleak, eta birusaren hedapena geldiarazteko erabakiak har ditzakegu ", adierazi du.
"Kostako zaigu eszenatoki horretara egokitzea, baina beharrezkoa den moduan jokatu behar dugu", aitortu du. "Horregatik, konpromisoa eta pazientzia eskatzen dut. Hartzen ditugun neurri guztiak ondasun preziatu batean pentsatuko ditugu, osasunean, alegia, eta gure ekonomiari eta ekoizpen-sektoreei irtenbideak emango dizkiegu krisi honek ekonomian duen eragina arintzeko ".