Espainiako Gobernuak 13:00etan zabaldutako azken datuen arabera, 130 kasu baizeztatu dituzte Nafarroa.
Eguerdian, Nafarroako Gobernuak 111 koronabirus kasu positiboren berri eman du, eta horietako hiru ZIUn daude. Atzo arratsaldeko azken datua baino 19 kasu gehiago dira, 92 kasu zeuden erregistratuta. Atzoko eguerdiko datuekin alderatuta, berriz, aldea nabarmenagoa da. 73 positiboren berri eman zuten atzo.
19 lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako Ospitalegunean, Covid-19 birusak gaixoturik. Horietatik bi Zaintza Intentsiboko Unitatean daude. Tuterako Sofia Erregina Ospitalean beste bost lagun daude koronabirusak jota. Iruñeko Klinika Unibertsitarioan bost gaixo daude; bat ZIUn. Gainontzeko 81 pazienteak haien etxeetan jasotzen ari dira arreta.
Santos Indurain Osasun sailburuak atzo prentsaurrekoan azaldu duenez, kasu positiboen artean lau sanitarioak dira. Horregatik, Nafarroako Osasun Zerbitzuko lan-arriskuen prebentziorako zerbitzuko profesionalak "harreman estua" izan duten osasun-profesionalen "kontrol aktiboa" egiten ari dira, eta horietako batzuk etxez etxeko ikuskapenean daude.
Indurainek nabarmendu du kasu berriak identifikatutako kasu positiboekin lotuta daudela. "Ziurrenik kasu gehiago izaten jarraituko dugu", aitortu du, baina, aldi berean, "zehaztapen ugari egiten ari gara", gaineratu du.
Bestalde, Javier Remirez lehen presidenteordeak adierazi duenez, berriki erretiroa hartu duten osasun arloko profesionalak borondatez lanean hasteko aukera aztertzen ari dira. Datorren asteazkeneko gobernu bilkuran onartuko dituzten neurrien artean izanen da gaia. "Forma legala aztertzen ari gara", azaldu du; eta nabarmendu du gobernuaren nahia dela "ahalik eta baliabide gehien izatea osasun zerbitzu publikoan". "Legez posible bada, aztertzen dugunean gaituko dugu", adierazi du.