Koronabirusagaik kirol alorrean ere bada bertan behera utzitako jarduerarik. Nafarroako Futbol Federazioak futbol eta areto futbol ez profesionaleko lehiaketa guztiak bertan behera utzi ditu bi astez, koronabirusa dela eta. Gainera, entrenamenduak bertan behera uzteko aholkatu die taldeei.
Bestalde, Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoetako lehiaketa eta jarduera guztiak atzeratu egin dira datozen hamabost egunetan, asteazkenetik aurrera. Nafarroako Kirol Jokoak kirol federazioekin, tokiko erakundeekin eta klubekin elkarlanean garatzen dira, eta hainbat kirol modalitate biltzen ditu, futbola, saskibaloia edo eskubaloia, besteak beste.
Lehen eta Bigarren Mailako hurrengo bi jardunaldietako partidak, martxoaren 13-15 eta 20-22ko asteburuetarako aurreikusitakoak, ateak itxita jokatuko dira koronabirusagatik, atzo Futbol Liga Profesionalak (LFP) ohar baten bidez baieztatu zuenez. Erabaki horrek eragina izango du Osasuna futbol taldearentzat. Publikorik gabe jokatuko ditu hurrengo bi jardunaldietan: igande honetan 14:00etan Donostian Realarekin neurtuko da eta datorren asteko ostiralean 21: 0etatik aurrera Sadarren Atletico Madril izanen du aurkari.