Sakabanaketa bertan behera utziko duen galdetu dio Koldo Martinezek Espainiako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 11a, 13:00
Koldo Martinez, artxiboko irudi batean

Koldo Martinez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak idatzizko galdera bat erregistratu du Senatuan, Espainiako Gobernuari itauntzeko "terrorismo delituengatik preso dauden pertsonen sakabanaketa amaitzeko” egutegi, urrats eta baldintzez.

Ekimen horretan, Martinezek Estatuari galdetzen dio "zergatik ez duen erabakitzen presoak familietatik ehunka kilometrora mantentzearen bidegabekeriarekin amaitzea”. "ETA behin betiko desagertuta, zer zentzu du terrorismo delituengatik preso dauden pertsonek kartzeletan preso jarraitzeak, beren jatorrizko lekutik edo bizilekutik urrun", galdetu du senatariak ohar baten bidez.

Martinezen ustez, distantzia horretara mantentzeak "espetxe politikaren helburua aldatzen du, hau da, presoak gizarteratzea, eta terrorismoaren aurkako politikaren tresna bihurtzen du", hau da, "ETAren aldeko edo gertuko sarearen presioari eustea". Nafarroako senatariaren arabera, "zentzugabekeria demokratikoa izan zen, eta gaur egun ez du inolako zentzurik, ezta justifikaziorik ere".

Nafarroako senatari autonomikoarentzat, "egia, justizia eta biktima guztientzako erreparazioa elkarbizitzarako baldintza ezinbestekoak dira, eta giza eskubideen urraketa eta izugarrikeria horiek inoiz ez direla errepikatuko bermatzeko". "Bidegabeko eta legez kanpoko indarkeria ekintza guztiak arbuiatuz, neurriz kanpoko zigorrak eta, beraz, bidegabeak ere baztertu behar ditugu", azpimarratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!