Koronabirus kasuak 30 dira Nafarroan

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 11a, 07:50

Atzo arratsaldeko azken orduan jada 30 ziren koronabirus kasuak Foru Erkidegoan. Horietatik hiru ZIUn daude, bi Nafarroako Ospitalean eta bat Nafarroako Unibertsitate Klinikan. Gutxienez lau pertsona daude ospitaleratuta, eta 20 bat isolamendu erregimenean daude beren etxeetan. Kasuak Foru Erkidego osoan daude, Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak atzo azaldu duenez.

Azken bi egunetan atzemandako kasu gehienak otsailaren 24an Gasteizen hileta batean egon ziren pertsonei lotuta daude; izan ere, hileta hori izan zen kutsadura-iturri nagusietako bat inguruko erkidegoetan. "Ez da pertsona bakarra, pertsona ezberdinak baizik, eta bakoitzak bere kasuen sekuentzia egin du", azaldu zuen Aurelio Barrikarte Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko Gaixotasun Transmisiboen ataleko buruak. Hori dela eta, kasu-kopuruak nabarmen egin du gora bi egunen buruan.

Egoera ikusita, osasun zentroetan bisitak mugatzea erabaki du Osasunak. Hala, ospitaleratutako pazienteak pertsona bakar batekin egon ahal izango dira, eta pertsona hori, ahal den neurrian, pertsona bera izango da egonaldian zehar. Gainera, ospitaleratzean, pazienteak eta laguntzaileak gelatik "ahalik eta gehien" ez irteteko eta korridoreetan ez ibiltzeko eskatu dute. Eguneko ospitaleetan, kanpo-kontsultetan eta proba diagnostikoetan, pertsona bakar bati laguntzea ere mugatzea eskatzen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!