Koldo Leoz: "Parte hartzea eta euskara batzordea berreskuratuko ditugu, eskuinak emandako atzerapausoei buelta emanen diegu"

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 10a, 10:13

Martxoaren 24ean Lizarrako udalbatzak Gonzalo Fuentes Navarra Sumako alkatearen kontrako zentsura mozioa eztabaidatu eta bozkatuko du. Koldo Leoz, EH Bilduko zinegotziak hartuko du aginte makila. “Eskuina boteretik kanporatzea izan da gure helburua legegintzaldi hasieratik” adierazi du Leozek Euskalerria Irratian.

"Legegintzaldia hasi zenetik hartu emanak izan ditugu oposizioko alderdien artean Navarra Suma boteretik kentzeko" azaldu du Koldo Leozek Euskalerria Irratian, "Gabonetatik bueltan sozialistekin elkarguneak handitu egin dira, Navarra Sumarekin desadostasunak areagotu diren neurrian". Zentzu horretan Leozek Lizarrako PSNren jarrera txalotu du, "Aurrerapausua eman dute, bertako batzarraren gehiengoaren babesarekin eta horregatik ere arduraz eta eskuzabaltasun osoz aritu gara negoziaketan".

PSNko Nafarroako zuzendaritzak ez du zentsura mozioa babesten eta Lizarrako bi zinegotziren kanporatzea iragarri du "iruzurra" egiten ari direlakoan. Koldo Leozek Ramon Alzorriz, PSNko antolakuntza idazkariaren hitzei erantzun die Metropoli Forala saioan egindako elkarrizketan, "Lizarrako PSNko batzarraren %70ak babestu du zentsura mozioa, Alzorriz bera etorri zen Lizarrara eta bertako militanteek egoera zein den azaldu zioten, eskuina kanporatzeko beharra azpimarratuz" azaldu du Leozek, "Iruzurra beraz ez da zentsura mozioa, iruzurra PSNko Lizarrako kideek esaten diotenari bizkarra ematea litzake".

Martxoaren 24ean izanen da zentsura mozioa bozkatzeko udal bilkura. "Mozioa sinatuta dugu, baita edukiz betetako akordioa ere" adierazi du EH Bilduko zinegotziak, "Neurri sozialei berebiziko garrantzia emanen diegu, Lizarran gaizki pasatzen ari diren bizilagun asko ditugulako, euskara batzordea eta herritarren parte hartzea berreskuratuko ditugu. Azken finean 9 hilabete hauetan eskuinak, aurretik egindako guztia bertan behera uztera mugatu da, guk buelta eman nahi diogu atzerapauso guzti hauei".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!