PSNko zuzendaritzak ez du Lizarrako zentsura mozioa babesten

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 9a, 12:03

Ekimena sinatu duten zinegotziak "berehala" botako dituzte alderdi sozialistatik, Ramon Alzorriz antolakuntza idazkariak azaldu duenez. PSNk ez du babesik ezta baimenik eman Navarra Suma Lizarrako alkatetzatik kanporatzeko EH Bilduk, Geroa Baik eta bi zinegotzi sozialistek sinatutako zentsura mozioa aurkezteko.

Haserre azaldu da prentsaurrean Ramon Alzorriz, PSNko antolakuntza idazkaria, "Lizarrako zentsura mozioak ez du gure babes eta baimenik, sinadura eman duten bi zinegotziak PSNtik kanpo geratuko dira berehala". "Traizioa", "itzalpeko operazioa" eta "Lizarrako militanteei iruzur" hitzak erabili ditu egoera deskribatzeko. Alzorrizek gogoratu duen moduan, Jorge Crespo zinegotzia jadanik kanporatua zegoen, hain zuzen zentsura mozioa planteatzeagatik. Oraingoan, EH Bildu eta Geroa Bairekin batera, Jorge Crespo eta Magdalena Hernandez PSNko zinegotzien sinadura ere azaltzen da. "PSNko estatutoetan argi azaltzen da, zentsura mozioen gaineko erabakiaren azken hitza Nafarroako zuzendaritzak duela" azaldu du Alzorrizek, "Kasu honetan ez dute gure babesik ezta estatu mailako PSOErena ere, kontsulta egin zutenean esan baitzitzaien ezin zutela aurkeztu". PSNko Lizarrako hirugarren zinegotziak, Ibai Crespok, ez du zentsura mozioa babesten.

EH Bilduk eta Geroa Baik txalotu dute Lizarran lortutako akordioa. Bakartxo Ruiz eledunak azaldu duenez, "Pasa den ekainean sortutako egoera anomaloari buelta ematen dio Lizarrako zentsura mozioak". Navarra Sumako alkatetzen aurrean gehiengo alternatiboak osatu daitezkeela azpimarratu du Ruizek, "Lizarran baldintzak ikusi dituzte zentsura mozioa aurkezteko eta aurrera egin dute, guk horrelako aurrerapausuak babestuko ditugu baldintzak eta aukerak ematen diren beste herrietan ere".

Zentzu berean mintzatu da Geroa Baiko Uxue Barkos, "Ekainean, inolako sotengurik gabe, akordiorik gabe Navarra Sumak hainbat alkatetza lortu zituen, eta orain akordio politiko batek, Lizarrari egonkortasuna eta lan egiteko ahalmena emanen dio. Horregatik Barkosek, "Akordio politikorik gabeko hainbat eskuinaren alkatetzak, akordio politiko alternatiboen ispilu aurrean geratu daitezke, baina hori herriz herri aztertu eta landu behar da” adierazi du.

Lizarran sinatutako zentsura mozioak EH Bilduko Koldo Leozi itzuliko dio aginte makila 2022ko martxorarte, orduan, akordioaren arabera, Jorge Crespo izendatuko litzake herriko alkate.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!