Emakumearen Egunaren karietara ekitaldi instituzionala egin du Nafarroako Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 5a, 13:30

Maria Txibitek txalotu egin du instituzioek bat egin izana berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde. Unai Uhaldek azpimarratu du Nafarroa aitzindari dela berdintasun politiketan, eta Skoale programa jarri du adibidetzat

Datorren igandean ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunadela eta, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur, berdintasunarekiko konpromisoa azpimarratu eta sustatzeko. Maria Txibite presidenteak eta Unai Uhalde parlamentuko buruak hartu dute hitza, eta talde parlamentarioetako bozeramaileek Parlamentuak onartutako adierazpen bat irakurri dute.

Uhaldek azpimarratu du Nafarroa berdintasun politiketan “aitzindari” dela, “berdintasunezko heziketaren aldeko apustu argia” egin baitu, eta Skolae jarri du adibide gisa. Horrez gain, “ikuspegi feminista eta generoaren ikuspegia” legeetan eta erakundeetan sartzeko beharra nabarmendu du: “Horrela bakarrik eraikiko dugu gizarte bidezkoa eta berdintasunean oinarritua”. Gogorarazi du, halaber, oraindik asko dagoela egiteko.

Jarraian, Isabel Olavek (Navarra Suma), Nuria Medinak (PSN), Jabi Arakamak (Geroa Bai), Bakartxo Ruizek (EH Bildu), Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) pasa den astelehenean Eledunen Batzarrak onetsitako eta talde parlamentario guztiek aurkeztutako Adierazpen Instituzionala irakurri dute.

Txibitek amaiera eman dio ekitaldiari, eta txalotu egin du instituzioek bat egin izana berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde. “Gobernu honek konpromisoa hartu du genero desberdintasuna egiturazko fenomeno gisa aztertzeko”. Beharrezkotzat jo du gizarte aldaketa bat, bizitzaren jasangarritasunari balioa emateko eta genero rolak apurtzeko, mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek urteetan egindako lana aitortu, eta martxoaren 8ko deialdietara batzeko deia egin du.

2020ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira onetsitako adierazpen instituzionala:

  1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du heldu den martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.
  2. Nafarroako Parlamentuak berdintasunaren arloko tokiko politiken zalantzarik gabeko aitzindaritza aitortzen du, eta konpromiso sendoa kausitzen du horietan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren giza eskubidea sustatzeko.
  3. Nafarroako Parlamentuak politika publikoetan berdintasunaren printzipioa jasotzea ahalbidetuko duen beste ikusmolde bat bermatzeko konpromisoa hartzen du.
  4. Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoko emakumeen errealitate berariazkoak ikusarazten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bai eta oraindik indarrean dauden desberdintasun-adierazpen guztiei garrantzia ematekoa ere.
  5. Nafarroako Parlamentuak mugimendu feministari bere borroka eta eskarietan laguntzeko konpromisoa hartzen du.
  6. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela gogoan izatea genero-berdintasuna justizia sozialaren nahiz giza eskubideen ikusmolde partekatua dela. Gizateria osoaren ardura da –eta bereziki, gobernuena, eskubideen berme-emaile nagusiak diren aldetik– jardutea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!