Metalurgicas Iruña ixtea eta haren hamar langileak kaleratzea deitoratu du LABek

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 5a, 08:05

Enpresako langileen protesta bat (Argazkia: LAB).

LAB sindikatuak deitoratu egin du Metalurgicas Iruña enpresaren itxiera eta hamar langile kaleratu izana. Ildo horretan, erakundeei eskatu die "defendatzeko eta bermatzeko Nafarroako industria-ehuna, eta ez uzteko tokiko enpresei horrela amaitzen".

Sindikatuak ohar baten bidez azaldu duenez, "gerentearen eta gainerako arduradunen kudeaketa txarraren ondorioz, enpresak egoera oso zailak bizi izan ditu, eta egoera horiek beti konpondu dira langileen poltsikotik".
"2019ko ekainean enpresako zuzendaritzak hitzarmeneko soldata ez zuen aplikatu, langileen soldatak izoztuz", adierazi du LABek, eta nabarmendu du neurri horrekin "enpresak enpleguak bermatzeko konpromisoa" hartu zuela, "baina orain argi geratu da hasieratik ez zuela hori betetzea pentsatzen".
Era berean, sindikatu abertzaleak azaldu duenez, "irailean langileek berandu jaso zuten soldata, eta urritik ez zuten nomina kobratu", eta, horren ondorioz, hainbat mobilizazio egin zituzten, azaroaren amaieran lau eguneko grebarekin amaituz.
Sindikatuak nabarmendu duenez, mobilizazio horiek egiten ziren bitartean, "egoera konpondu eta lehengoratuko zuen elkarrizketa-bide bati eusten saiatu dira, baina enpresak, bere autoritarismoa eta prepotentzia beste behin ere nabarmenduz, datuak ezkutatzera eta langileak mehatxatzera mugatu da", gaitzetsi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!