Atzo goizean, Espainiako Polizia Nazionalak Iruñeko Alde Zaharreko zazpi gazte –gehienak adin txikikoak– deklaratzera deitu zituen, biharko, inauterietako gertakarien harira.
Auzoko gazteen iritziz, atzokoa “ez da gertakari isolatu bat”, eta gero eta ohikoagoa egiten ari zaizkie horrelakoak auzoko gazteenei: “Hau, luzatuz doan zerrenda batera batzen da. Urrun joan gabe, pasa den urtarrileko greban hainbat auzokide identifikatuak izan ziren, eta horietako bat atxilotuta. Gogorarazi behar dugu, pasa den urrian 23 auzokide epaile baten aurrean deklaratu behar izan zutela Maravillas auziaren ondorioz. Aurretik, maiatzean, auzoko hainbat gaztek isunak jaso zituzten narkopisuaren inguruko gertakarien harira”.
Gauzak horrela, gazteek AZ Ekimenak gaia jorratzeko antolatu duen auzo batzarrean parte hartzera deitu dute. Ostiralean egingo dute, 18:30ean, Plazara! aretoan. “Zer gertatu da? Zer egingo dugu?”, galderak proposatu dituzte.