Aurrekontu "antisozialen" kontra elkarretaratzea egin dute ELAk eta LABek

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 27a, 10:51

Nafarroako Parlamentuan, 2020ko aurrekontuen proiektua eztabaidatzen ari den bitartean, elkarretaratzea egin dute ELA eta LAB sindikatuek kontuen kontra egiteko. "Antisozialtzat" hartu dituzte aurrekontuak eta austeritatearen politiken jarraikortasuna suposatzen dutela salatu dute.

Bi sindikatuen iritziz, joan den urtarrilaren 30eko greba egunean aldarrikatu zuten bezala, "Mobilizatzen jarraitu behar da, presioa egiteko une egokia delako eta gure aldarrikapenak egiten baditugu Nafarroan errealitate bat izan daitezkeelako".

Hain zuzen ere, Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak kritikatu du 2020rako Aurrekontuak "Nafarroan zerga politika bidegabe batek baldintzatuta" daudela, "Batez ere langile klaseari dagokiolako"; fiskalitate hori, haren ustez, "Eskasa da, eta enpresetan iruzur fiskala egitea ahalbidetzen du".

Gainera, Foru Gobernuak eta EH Bilduk adostutako aurrekontuak "ez du kontu horien orientazio antisoziala aldatzen, gastuaren muga % 0,4 igotzea lortzen ez delako".

"Ekintza instituzionalak izan ditzakeen aritmetika parlamentarioaz eta mugez jabetzen gara, baina ezin da mezu okerrik bota, eta hori da akordio honetan egin dena", azaldu du Pascualek.

Adierazi duenez, akordioan "greba orokorraren aldarrikapenei buruzko bi aipamen jasotzen dira, 1.200 euroko soldata eta 1.080 euroko pentsioa, hain zuzen ere; baina, egia esan, akordioaren sinatzaileak jakitun dira Foru Gobernuak ez duela inolako konpromisorik hartzen neurri horiek aurrera eramateko". Hori dela eta, "Akordio honen ondoren, aldarrikapen horiek lortzetik oso urrun gaude", gaineratu du.

"Urtarrilaren 30eko greba orokorraren deitzaileok aliatuak behar ditugu greba horren aldarrikapenak benetan defendatuko dituzten erakundeetan, eta hori zoritxarrez ez dugu ikusi aurrekontuen akordio honetan", gaineratu du.

Ildo beretik, Imanol Karrerak, Nafarroako LABeko bozeramaileak, Nafarroako Gobernuaren "borondate politiko falta" kritikatu du, "Pentsio bat, lan bat eta bizitza duin bat jasoko duten aurrekontuak onartu eta Parlamentura eramateagatik".

"Hori gertatzen den bitartean, CENen aldarrikapen guztiak aintzat hartzen dituzte, enpresaburuen neurrira egindako fiskalitatea egiten dute eta Europatik datorren austeritate politikak markatzen dituen mugak onartzen dituzte", gaitzetsi du.

Haren ustez, "Badago bide alternatibo bat, justizia sozialean oinarritzen den beste fiskalitate bat sortzea eta austeritate mugak saihestea, Nafarroan erabakitzeko eskubidea defendatuz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!