Joan den astelehenean, otsailaren 17an, hasi ziren filma errodatzen Mutrikun. Ilargi guztiak bere heriotza berreskuratze aldera neskato umezurtz batek egindako bidaia baten kontakizun fantastikoa da. Emakume misteriotsu batek kendu dio heriotza, eta trukean oparirik bikainena emaen dio: hilezkortasuna bere konpainiaren truke.
Igor Legarretaren bigarren film luzea zazpi astez filmatuko da Gipuzkoan (Mutriku, Gaintza, Zizurkil), Bizkaian (Orozko) eta Nafarroan (Erratzu, Urbasa, Aldatz eta Leurtzako urtegietan). Filmaketaren jatorrizko bertsioa euskaraz izango da.
Jon Sagalá gidoilariarekin batera idatzi du lana, eta pantailan Haizea Carneros (12 urte), Josean Bengoetxea, Itziar Ituño, Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz izanen dira.
Egungo industria zinematografikoko profesional ospetsuenetako batzuek osatzen dute filmaren talde teknikoa. Goya sariaren irabazle diren lau ariko dira: Laurent Dufreche muntaian; Mikel Serrano arte zuzendaritzan; Pascal Gaigne musikan; eta Drama Fx, oraingoan Mariano Garciaren ardurapean.
Ilargi Guztiak Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris & Batty Films eta Ilargia Films ekoiztetxeen ekoizpena da. EiTBk eta RTVEk parte hartzen dute, eta ICAAk, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute. Filmax arduratuko da Espainian banaketaz eta nazioarteko salmentez.