10 kontratutik 7k hilabete baino gutxiagoko iraupena izan zuen 2019an

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 25a, 19:51

Behin-behinekotasun handia lan-ezegonkortasunaren eta prekarietatearen sinonimoa dela salatu du ELA sindikatuak, eta gazteei eta emakumeei eragiten diela bereziki.

2019an 398.817 lan-kontratu egin ziren Nafarroan, eta %6,4a baino ez zen mugagabea izan (%7 gizonen kasuan eta %5,9 emakumeen kasuan). Gainerako kontratuak, %93,6, aldi baterakoak izan ziren. ELA sindikatuaren ustez ez da albiste ona kontratu kopurua hain handia izatea. "Alderantziz, enpleguan dagoen prekarietate handiaren sinonimoa da. Kontratu kopuru hori soldatapekoen kopurua 243.900 denean izateak aplikatzen diren politikek eta kontratazioan ematen den iruzurrarekiko permisibitateak eragindakoa arazo larri baten aurrean gaudela erakusten du".

Kontratuen iraupenaren batez bestekoa guztiz "kezkagarria" dela adierazi du. Datuak eskuragarri dauden kontratuen %68,4k hilabete bat baino gutxiagoko iraupena izan zuen 2019an.

Lanaldi partzialeko kontratuei dagokienez, iaz egindako kontratu guztien %28,6 lanaldi partzialekoak izan ziren. Datuek ere agerian uzten dute gizonen eta emakumeen arteko aldea. Emakumeen kasuan, mota horretako kontratuak %38,3 izan ziren, aldiz, gizonen kontratu partzialen kopurua %18,5ekoa izan zen.

ELAk enplegu-politiken erabateko aldaketa eskatzen du, lan-erreformak atzera botaz, lanaldia 35 ordura murriztuz, kasu gehienetan legez kanpokoa diren behin-behineko kontratuak eragozteko lan-ikuskaritzaren benetako ekitea bultzatuz, etab. Horretaz gain, aurrekontu eta zerga-politika sozialki beharrezkoak diren sektoreetan enplegua sortzera bideratu behar dela uste du, eta produkzio-sistema eraldatu trantsizio sozial eta ekologikoari aurre egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!