Frankismoan torturak sistematikoak izan ziren Nafarroako Gobernuaren txostenaren arabera

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 25a, 13:54

1960tik 1978era izandako tortura kasuen txostena prestatu du EHUk Nafarroako Gobernuaren eskariz. Ana Ollo Herritarrekiko harremanetarako kontseilariak, Gobernuak egin beharreko lana dela defendatu du, indarkeriaren biktima hauek aitortza merezi dutelako. Tortura kasuen ikerketan aurrera egiteko konpromezua azaldu du.

Lan zaila izan da frankismo garaiko tortura kasuak zerrendatzea eta ikertzea, asko izan baitziren. 200kasu aztertu dituzte, ondorioztatzeko, frankismoan, sistematikoa zela tortura, guardia zibil eta espainiako poliziaren ziegetan. "Atxilotuak ziren pertsona guztiek bazekiten torturatuak izanen zirela" azaldu du Ana Ollok, "Ez zegoen inolako berme judizialik edo prozesalik".

Agerraldia EH Bilduk eskatu du. Txostena txalotu duten arren, Bakartxo Ruiz eledunak argi esan du, labur geratu dela, eta 78tik honat izandako tortura kasuak ere ikertu eta aztertu behar direla.

Horrelako kasuetan agerian geratu ohi da Navarra Sumako eskuina. Gaur Iñaki Iriartek hartu du hitza eta txostena gutxiesten saiatu da, edukietara joan beharrean eta txostenak agerian uzten dituen tortura kasuetara joan beharrean, metodologian eta egileen sinesgarritasunera jo du. Iriartek, Pako etxeberria forentse eta ikerlariaren lana zalantzan jarri du. Jarrera hau salatu du Geroa Bai alderdiko Jabi Arakamak, txostenen gaineko trabak eta zalantzak zabaltzearen azpian, errealitatea estaltzeko asmoa dagoela adieraziz.

Txosten gehiago beharrezkoak direla aitortu du Ana Ollo kontseilariak, baina ez du epe zehatzik edo helburu konkreturik aipatu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!