Nafarroak koronabirusaren protokoloa aktibatu du gaur arratsaldean, larrialdietara joan diren lau pertsona birusa izan dezaketelakoan. Sintomak dituzte eta Italian izan dira duela gutxi. Duela egun batzuk ikasle-trukean Nafarroara iritsi ziren ikasleak dira.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, egindako analisiek baztertu egin dute Italiako agerraldiarekin lotutako zazpi gaixorengan koronabirusaren atariko susmoa. Bihar ezagutuko dira antzeko ezaugarriak dituzten bi kasu berrienekin lotutako emaitzak.
Osasun Saila COVID 19 koronabirus berriak eragindako infekzioaren aurrean jarduteko protokoloa aplikatzen ari da, eta sortzen ari diren egoera berrietara egokitzen.
Birusa identifikatzeko probak egitea erabaki du gobernuak, "badaezpada" duela gutxi Italiako bi eskualdetan (Lonbardia eta Veneto) egon diren eta sintomatologia esanguratsua duten pertsonei. Pertsona horiek beren etxeetan edo Nafarroako Ospitaleko (CHN) gune isolatu batean egon dira emaitza jakin arte, eta bizitza normala egiten jarraitu ahal izango dute, baina hurrengo bi asteetan autosegimendua izango dute, sintoma berriak agertzen badira edo daudenak larriagotzen badira.
Bilera, Madrilen
Espainiako Gobernuko Salvador Illa Osasun ministroak Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseilua deitu du astearte honetarako, autonomia erkidego guztietako kontseilariak bertan direla, koronabirus berriaren aurkako prebentzio neurri berriak aztertzeko eta adosteko.
Santos Indurain Osasun kontseilaria bihar joango da Lurralde arteko Osasun Kontseilura, eta bertan irizpide epidemiologikoa aldatuko duten erabakiak har litezke, orain arte Txinara soilik mugatuta.
Osasun Sailak aktibo eta eguneratuta dauka Nafarroako osasun-sareko prebentzio- eta laguntza-dispositiboa, Estatuarekin eta Europar Batasunarekin eta Osasunaren Mundu Erakundearekin koordinatuta. Aldi berean, aktibo jarraitzen dute bai Nafarroako infekzioa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Aholku Batzorde Teknikoak, bai Osasun Publikoaren Departamentuaren eta osasun-zentroen arteko maila gorenean dagoen beste batzorde batek.
Herritarren gomendioak eta joan-etorriak
Osasun Departamentuak, Nafarroako Gobernuko gainerakoekin eta Kanpo Arazoetako eta Osasun Ministerioekin koordinatuta, informazio praktikoa igorri die hainbat arrazoirengatik (profesionalak, prestakuntzakoak, etab.) leku horietara bidaiatu duten edo bidaiatzeko asmoa duten bidaiariei, Ministerioaren webgune ofizialean jakinarazten den bezala.
Era berean, kaltetutako eremuetatik berriki etorri diren pertsonek (edo kutsatutako pertsonekin kontaktua izan dutela uste dutenek), arnas sintomatologia esanguratsua badute, 112 zenbakira dei dezakete, eta bertan argibide egokiak emango zaizkie. Murrizketak dituzten eremuetan dauden pertsonen kasuan, bai Italiako iparraldean, bai Txinakoan, Osasun Publikoko arduradunei dagozkie jarraibideak, baina komunikazio zuzena ireki da haien senideekin, edozein informazio, zerbitzu eta euskarri mota izan dezaten.