ELA sindikatuak txosten batean aztertu du ostegunean onartuko dituzten aurrekontuen edukia, eta kritikatu du gizartearen eta sindikatuen parte hartzerik gabe egin dutela proiektua, aurrekontu “antisozialak” direla eta austeritate politikekin jarraitzen dutela.
Gastu arauak, zorrak eta fiskalitateak baldintzatutako aurrekontuak direla salatu dute, eta zerga-sistemari dagokionez, esan dute “eskasa eta bidegabea” dela eta enpresei iruzurra egitea ahalbidetzen diela.
Gastu mugaren handitzea “anekdotikoa” dela ere kritikatu dute, eta gastua aizko aurrekontuetakoa baino %3,9 handiagoa izan aren, Europako beste herrialdeekin alderatuta gastu sozialak defizit handia duela nabarmendu dute, bereziki osasunean eta hezkuntzan. Aldi berean, gobernuaren egitura handitzeak gastua sei milioi euro baino gehiago handitzea dakarrela gogorarazi dute.
Hori guztia dela eta, balorazio negatiboa egin dute aurrekontuak aurrera ateratzeko gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaz, ez duelako aldatu gobernuaren proposamenaren orientazio “antisoziala”. "Ezkerraren papera ezin da mugatu kontu antisozial batzuk makillatzera", adierazi dute. Ondorioz, ezker instituzionalari eskatu diote oposizioa egin dezala eta indar sozial eta sindikalen aliatu izan dadila.