Nafarroako Gobernuak hainbat tailer eta lan jardunaldi jarriko ditu martxan, "parte-hartze demokratikoaren kultura berri bat bultzatzeko eta foru administrazioko zuzendaritza arduradunak eta langileak, toki entitateak eta herritarrak inplikatzeko" helburuarekin. Hala, gobernantza "irekiago" baterantz aldaketa bultzatu nahi dute.
Kultur aldaketa hori bultzatzea da aurreko legealdian egindako parte-hartze prozesuen ebaluaziorako kanpoko azterketa batek ezartzen duen gomendioetako bat, Javier Remirez Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barne Arazoetako sailburuak, Joseba Asiain Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak eta Ana Etxaleku Herritarren Partaidetzarako ataleko arduradunak prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Tailer horietako lehena datorren ostiralean egingo dute, hilaren 21ean eta foru administrazioko zuzendaritzako arduradunei zuzenduta egongo da. Helburua da gobernuko arloek Gobernu Irekiaren alderdi garrantzitsuenak ezagutu eta horietan sakondu ahal izatea, gardentasun programei eta herritarren parte-hartzeari buruzko ekimenak eta esperientziak partekatzea. 'Gobernu Irekia eta Administrazio Publikoa: ulertu, inspiratu eta ekintzarako prestatu 'izenburupean egingo dute, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean.
Programak Gobernu Irekia zer den eta erakunde eta politika publikoetan nola ezartzen den jorratzeko asmoa du. Dauden zailtasunei eta aukerei ere erreparatuko die, eta gobernuaren eta herritarren arteko interakziorako jarraibide berriak bultzatuko ditu. Era berean, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan, Madrilen, Aragoin eta Frantzian egindako esperientzia arrakastatsuak partekatuko dira, ideia eta estrategia berriak inspiratzeko. Azkenik, Nafarroan Gobernu Irekiaren ideia berriak praktikan jartzeko bide orria diseinatzea planteatuko da.
Datozen hilabeteetan antzeko hainbat jardunaldi egingo dituzte, helburu berberekin, tokiko erakundeentzat, bai eta herritar guztientzat ere.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!