Carlos Gimeno kontseilariak ez dio baimenik eman Castejongo eskola publikoari PAI programatik irtetzeko, nahiz eta ikastetxeko zuzendaritzak eta klaustroak berak aho batez eskatu duen; eta bestetik Mendigorriko gurasoei ukatu egin die beren seme alabak D ereduan matrikulatzeko aukera. Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak ez dituzte onartzen onartzen Gimeno kontseilariak hartutako erabaki hauek eta akordio programatikoaren bilera eskatu dute.
Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra ez daude hezkuntza departamentuak hartutako azken erabakiekin ados. "Castejon eta Mendigorriko kasuetan ez da akordio programatikoan esaten dena betetzen" azaldu du Geroa Baiko Uxue Barkosek, "Bilera eskatu dugu gertatutakoa argitu eta akordio programatikoa eskuetan, erabakiei buelta emateko". Zentzu berean mintzatu da Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek, "Departamentuak ezin dio bizkar eman Castejongo eskolaren gehiengoak eskatutakoari" adierazi du, "Mendigorriko kasuan betsalde, landa eremuko despopulazioaz ere ari gara, eta eskola ixtea ez da batere erabaki ona".
Mendigorriko kasuari ere heldu dio EH Bilduk, bertako gurasoen berehalako agerraldia eskatuz parlamentuan. "Ez dugu ulertzen hartutako erabakia" azaldu du Bakartxo Ruizek, "Mendigorriko bezalako eskolek bizi iraun nahi badute, D eredua ezartzea da gakoa, gurasoek horrela eskatzen dutelako".
PSN bakarrik geratu da bere bazkideen aurrean, Gimenok hartutako erabakiak defendatzen. Ramon Alzorriz tinko azaldu da PAI programaren defentsan: "PAI arrakastasua da, gurasoek horrela eskatzen dute eta guk PAIren alde eta bere zabalkudnearne alde egonen gara".