Nafarroako Gobernuak iaz jarri zuen martxan Emanzipa programa, eta lehen urteko datuen arabera, oraingoz 2.000 onuradun egon dira. Horien artean % 60 emakumeak ziren eta % 39 gizonak. Parte-hartzaileen bataz besteko adina 27 urtekoa da, eta eskatzaileen bataz besteko diru-sarrerak 12.900 eurokoak dira. Jose Mari Aierdi kontseilariak balorazio positiboa egin du programaren lehen urteko ibilbideaz.
Adina zabaltzeaz gain, beste berrikuntza bat ere izango du Emanzipa programak hemendik aurrera: irisgarritasuna hobetzeko arretarako telefono bat jarriko dute, eta behar dutenek astean behin hitzordu pertsonalizatua jaso ahal izango dute. Era berean, gutun informatibo bat bidaliko diete aurten programan sartuko diren herritarrei; alegia, 23 eta 31 urtekoei.
Emantzipazioarena gai garrantzitsua da Nafarroako gazteentzako, etxebizitza batera sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboetako bat baita gazteena. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak pasa den astean aurkeztu zuen txosten batean jakinarazi zuen 2019ko bigarren seihilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %21,4 soilik zegoela emantzipatua. Eta beste datu kezkagarri bat ere jarri zuten mahai gainean: gaur egun, Nafarroako gazte batek, etxebizitza bat berak bakarrik alokatzeko, bere soldata garbiaren %67 zuzendu behar du horretara. Etxebizitza partekatuetan, kopurua baxuagoa da, soldataren %31. Hortaz, Emanziparen gisako programak premiazkoak direla nabarmendu zuen Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, eta hura adin tarte handiagora zabaldu dezatela ere eskatu zuen.
Programaren ezaugarriei dagokienez, eskatzaileak 3.000 euroko diru-sarrera izan behar du gutxienez, eta gehienez 20.000 eurokoa pertsona bat bada, eta bi pertsona badira, 30.000koa. Laguntzaren zenbatekoa etxebizitzaren hilabeteko alokairuaren erdia da, hilean gehienez ere 250 eurokoa, eta alokairuaren prezioa ezin da izan 650 eurotik gorakoa. Hiru hilabetean behin ordaintzen dute, iraupena hiru urtekoa da, eta urtero berritu beharra dago hartzaileak baldintzak betetzen segitzen duela egiaztatzeko.