Foru Gobernuaren aurkako mitin bihurtu dute ETAren biktimen aldeko ekitaldia

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 17a, 09:05

Igandeko ekitaldia (Argazkia: Asociacion Tolerancia)

Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez da izan ekitaldian, ezta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzakorik ere.

Beste urte batez, eta badoaz bost, UPNri lotutako erakunde politikoek –eta neurri txikiagoan, Vox ere bai– ETAren biktimen omenezko ekitaldia Nafarroako Gobernuaren aurkako mitin bihurtu zuten atzo.

Oraingoan, ordea, alderdi abertzaleei egindako ohiko kritikak PSNri eta PSOEri zuzendu zizkiote. Kritikok ETAren biktimen izenean egin zituzten. Deialdia sinatzen zuten bederatzi erakundeetatik, ordea, Anvitek eta Tomas Caballero Fundazioak bakarrik dute lotura zuzena ETAren biktimekin. Gainontzekoak ziren Berriozarko Vecinos de Paz (Bakearen aldeko herritarrak), Sociedad Civil Navarra (Nafarroako Gizarte Zibila), Libertad Ya (Askatasuna Orain), Recuperar Navarra (Berreskuratu Nafarroa), Doble 12, Pompaelo elkartea eta Asociación por la Tolerancia (Tolerantziaren Aldeko Elkartea).

Deitzaileen izenean, Eduardo Lopez DOrigak gogor egin zuen foru gobernuaren aurka. Nabarmendu zuen ezker abertzaleak oraindik ez dituela gaitzetsi ETAren krimenak, eta “beste alderdi batzuetako ordezkariak” horretaz baliatzen direla “etekin politikoa ateratzeko”.

Foru Gobernuko kide bakar bat ere ez zen joan hitzordura. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak ere ez du parte hartu, nahiz eta gaitzespen gogorrak egin izan dituen, ezta Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza sailburuak ere. Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta Guardia Zibilaren aginte nagusia ere ez ziren bertan izan, aurreko urteetan joan baziren ere. Oraingoan ere ez zen Geroa Bairen ordezkaritzarik izan, ekitaldi horietan ohikoa dena; PSNk, berriz, profil baxuko ordezkaritza bat bidaltzea erabaki zuen, azken ilaran kokatu ziren bi legebiltzarkiderekin: Inma Jurio eta Jorge Agirre.

UPNren izenean han izan ziren, besteak beste, Javier Esparza alderdiko presidentea, Enrique Maia alkate iruindarra eta Carlos Garcia Adanero diputatua. PPren izenean, Amelia Salanueva senataria. Ciudadanos alderdiaren ordezkari moduan, Carlos Perez Nievas foru parlamentaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!