Txibiteri bilera eskatu diote Mendigorriko D ereduko gurasoek

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 17a, 07:37
Mendigorriako gurasoak, ikastetxe publikoaren aitzinean (Argazkia: Navarra DIrecto).

Mendigorriko bi eta hiru urteko seme-alabak dituzten 11 familiak berriro salatu dute 2020/2021 ikasturterako D ereduko matrikulak "linbo batean" geratu direla. Horren aurrean, Arartekoarengana jo dute, hark bideratu baitu demanda, eta Maria Txibite lehendakariarekin bilera eskatu dute.

Otsailaren 5ean emandako prentsaurrekoan salatu zutenez, Mendigorriko bi eta hiru urteko seme-alabak dituzten 11 familiaren aurrematrikulak "linbo batean" geratu dira. Aurrematrikula-epea amaitu eta hezkuntza-programan izena eman ondoren, oraindik ez dakite onartu diren ala ez. "Inor ez da gurekin harremanetan jarri", adierazi dute.

Joan den astean egoerari buruzko galdera parlamentarioa egin zuten, eta familiak ez dira pozik agertu Nafarroako exekutiboaren erantzunarekin. "Carlos Gimeno jaunaren erantzunak ez gaitu lasaitzen, ezta konbentzitzen ere, kontrakoa baizik".

Egoera horren aurrean, Arartekoarengana jo dute aste honetan bertan, eta, jakinarazi dutenez, 11 familia horien eskaria artatu eta bideratu dute. "Azken urteotan, Mendigorriko ikasleen ehuneko oso handi bat D ereduan matrikulatzen da; 0-3 urteko udal haur eskolaren kasuan, ehuneko hori %75 ingurukoa da, eta euskarazko irakaskuntza aukeratzen du. Horrek adierazten du, bereziki, ikastetxe publikoan eskatzen den ildoaren bideragarritasuna", dio gutunak. Eman zaien alternatiba, gaurdaino, Garesko eskola publikoa da.

Aldi berean, bilera bat eskatu dute Maria Txibite Nafarroako presidentearekin. "Txibite presidente andreari gurekin biltzeko deia egin nahi diogu, gure egoera bertatik bertara ezagut dezan eta guztion artean konponbide logikoena eta bidezkoena lor dezagun, Mendigorrian D ereduaren linea irekitzea baino ezin baita izan", esan dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!