Espainiako Polizia Nazionalak gaur goizean Donibane auzoan atxiloturiko hiru lagunak aste utzi dituzte. Aske geratu eta gero, atxiloturikoetako batek salatu du bortizki atxilotu dutela, lurrera botaz eta pistolarekin apuntatuz.
Poliziak berak azaldu dienez, Donibane auzoko apustu etxe bateko nagusiak haien aurkako salaketa aurkeztu du, koakzioak egotzita. Dioenez, greba egunean haren establezimenduko ateak itxi egin zituzten pikete informatiboko kideek. Eta Poliziak uste du hiru atxilotuok ateak itxi zituztenen artean daudela.
Atxikirik eduki dituzten bitartean, hainbat lagun izan dira Espainiako Polizia Nazionalaren Chinchilla karrikako komisariaren aurrean.
Elkarretaratzean parte hartu dutenek salatu dute atxiloketa ez zela beharrezkoa, deklaratzera deitzearekin aski zela. Eta gogora ekarri dute greba orokorraren egunean Espainiako Polizia Nazionala bortizki oldartu zela pikete informatiboko kideen aurka, eta oldartze hori grabatzen hari zen emakume bati mehatxu egin ziola agenteetako batek: “Irudiak publikatzen badituzu zure bila joanen gara”, esan zion.