Osasun Departamentuak Nafarroako udalerri edo kontzejuetan dauden tokiko kontsultategiak 2020an eraikitzea, eraberritzea edo egokitzea finantzatzeko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onartu ditu. Laguntzen zenbatekoa 950.000 eurokoa da, eta toki-erakundeek martxoaren 11ra arte (asteazkena) aurkez dezakete eskabidea.
Dirulaguntzen deialdiak xede du eraikin berria eraikitzea, lehendik dagoen kontsultategia zabaltzea (berritzea edota zabaldu eta berritzea), eta lan txikiagoak burutzea, hala nola egitura- segurtasuna, klimatizazioa, elektrizitateko eta iturgintzako instalazioak egokitzea eta oztopo arkitektonikoak kentzea.
2020an berrikuntza-lan horiek egingo dituzten Nafarroako toki-erakundeek dirulaguntzen eskabidea aurkeztu behar dute Servicio Navarro de Salud-Osasunbidearen (SNS-O) erregistroan, 39/2005 Legeak aurreikusitako edozein erregistrotan, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Lehen Mailako Arretako gerentziari zuzenduta. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira: obren deskribapena, zenbatekoa, helburua, beharraren memoria arrazoitua eta dokumentazio tekniko eta ekonomikoa.
Dirulaguntzen emakida norgehiagoka-prozeduraren bidez arautzen da; hau da, hautatutako Balorazio Batzordeak, instrukzio-organo gisa jarduten duenak, deialdian ezarritako balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.
Jardueraren gastu erreala finantzatzea izango da esleipen ekonomikorako irizpidea. Horren arabera, gehienez ere, eraikitako metro karratu bakoitzarengatik 2.100 euroko eta lehendik dauden eraikinak berritzeagatik 1.150 euroko dirulaguntzak emango dira, eta instalazioak egokitzeko eta hobetzeko lan txikien gastu erreala finantzatuko da.
Finantzaketa erantzunkidea
Udal edo kontzejuen eskumena da tokiko kontsultategiak eraikitzea eta birmoldatzea. Dena dela, Osasunari buruzko Foru Legeak zehazten du Nafarroako Gobernuak bere aurrekontuetan jasota utzi behar dituela udal horientzako partidak, osasun-jarduerak finantzatzeko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!