Nafarroako hamar gaztetik bi bakarrik dago emantzipatuta

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 10a, 13:16

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak Gazteriaren Emantzipazioaren Behatokia aurkeztu du, gazteriaren egoeraren argazki bat erakusteko. Gazteen artean prekarietate egoerak egonkortzen ari direla salatu dute. 

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak Gazteriaren Emantzipazioaren Behatokia aurkeztu du. Sei hilean behin egiten du, datu estatistiko ofizialetan oinarrituta, gazteriaren egoeraren argazki bat erakusteko, bi ardatzetan oinarrituz: enplegua eta emantzipatzeko gaitasuna. Gaur goizean, 2019. urteko bigarren seihilekoari dagokion txostena aurkeztu dute, eta datuek erakutsi dute denbora tarte horretan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %21,4 soilik zegoela emantzipatua.

Kopurua beste erkidegoetakoa baino altuagoa da, baina datu negatiboa izaten jarraitzen duela nabarmendu dute gazteriaren kontseilutik. Datu kezkagarri bat jarri dute mahai gainean: gaur egun, Nafarroako gazte batek, etxebizitza bat berak bakarrik alokatzeko, bere soldata garbiaren %67 zuzendu behar du horretara. Etxebizitza partekatuetan, kopurua baxuagoa da, soldataren %31.

Enpleguaren argazkiari begiratuta, hitz bat errepikatzen da etengabe: prekarietatea. Izan ere, Nafarroa langabezia tasa baxuena duen autonomia erkidegoa izan arren, gazteen kasuan, enpleguak bi ezaugarri ditu: behin-behinekotasuna eta lanaldi partzialak. Horri lotuta, datu esanguratsu zenbait eman ditu txostenak; esaterako, pasa den urteko bigarren seihilekoan, behin-behinekotasun tasa %60koa zen gazteen artean, eta garai horretan sinatu zituzten kontratuen %95 aldi baterakoak ziren. Hor generoari ere erreparatu behar zaio, lanaldi osoan lan egiten dutenei dagokionez, ia hamahiru puntutako aldea baitago gizonezkoen (%83,6) eta emakumezkoen (%70,7) artean.

Horri guztiari, gainera, alokairuan nahiz salgai dauden pisuen garestitzea gehitu behar zaio, alokairuen prezioek %9,5 egin baitute gora Nafarroan aztertutako epean.

Egoera horretan, gazteek bi aukera izaten dituzte, kontseilutik salatu dutenez: gurasoen etxean jarraitu ala emantzipatzeko urratsa egin, baina ondoren zailtasunak eduki bizi proiektu propio bat garatzeko.

Eta hortaz, bi eskaera egin diete erakundeei: batetik, alokairurako diru-laguntzen Emanzipa programa adin tarte handiagora zabal dezatela,18 urtetik 22ra eta 30etik 35era arteko gazteentzat ere izan dadin, eta bestetik, Enplegu Plana sortzeko orduan gazteriaren ikuspegia zehar-lerro gisa har dezatela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!