Migratzaileen aurkako operazioa egin dute Dantxarinean Espainiako eta Frantziako poliziek, elkarlanean

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 10a, 11:29

Giltzarrapo operazioan bi estatuen arteko mugako pasabide guztiak kontrolatu dituzte, geltokiak, autobideak eta lehen zein bigarren mailako errepideak barne. Hogei ibilgailu baino gehiago kontrolatu dituzte, eta 40 pertsona inguru identifikatu.

Joan den astean, Espainiako Polizia Nazionaleko Nafarroako Buruzagitza Nagusiko agenteek, Dantxarineako muga-postuko Atzerritartasun eta Dokumentazio Unitateetako kideek eta Frantziako Mugetako Polizien Hendaiako agenteek patruila bat egin zuten elkarrekin, “immigrazio irregularreko sareen aurkako borrokan laguntzeko”.

Dantxarinean, 20 ibilgailu baino gehiago kontrolatu zituzten, eta mugaren bi aldeetan zihoazen 40 pertsona inguru identifikatu zituzten.

Zerbitzuak Espainiako Erresumak eta Frantziako Errepublikak 1998ko uztailaren 7an Bloisen sinatutako Polizia eta Aduana arloko Mugaz Gaindiko Lankidetza Hitzarmenean du legezko oinarria. Hitzarmen hori 2003ko irailaren 1etik dago indarrean.

Polizia Nazionalaren 2017-2021 Plan Estrategikoaren helburuetako bat da immigrazio irregularraren aurka borrokatzea eta legez kanpo antolatutako sareak desegitea, mugetako kontrola sustatuz eta hobetuz, delitu-tipologia horren aurka borrokatzeko ezarritako segurtasun-politikara egokituta, eta Polizia Nazionalak gidatuta.

Horregatik, bi herrialdeetako poliziek osatutako patruila bateratuak ezarri ohi dira, immigrazio irregularra sustatu eta mehatxu horiek indargabetu ditzaketen jokabideak antzemateko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!