Hodei Aranguren: "15-25 urte bitarteko gazteak dira apustu etxeen bezero eta helburuak, kezkagarria da"

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 7a, 12:58

Apustu etxeen kontrako Iruñerriko plataformak manifestaziora dei egin du larunbat honetan jokoaren kontra egiteko. Eguerdian mahai ingurua antolatu dute auzoz-auzo eta herriz-herri antolatu diren herritarrek, arratsaldean protesta erraldoia egin aurretik. Manifestazioaren bezperan, Hodei Aranguren izan da Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.

"Gure aisialdia apustu etxeetara bideratzen ari dira" salatu du Hodei Aranguren Uharteko apustu etxeen kontrako plataformako kideak, "Geroz eta gehiago dira arratsalde pasa joko areto hauetara sartzen diren kuadrilak, edari merkearen aitzakiarekin, joko eta apustuen zurrunbiloan murgilduz". Auzoz auzo eta herriz herri loratu dira herritar plataformak apustu etxeen kontra, "Larrituta gaude gure kaleetan, eskola eta ikastetxeen inguruan zabaldu diren apustu etxeekin" azaldu du Arangurenek, "Ez da kasualitatea, gazteak dituzte helburu nagusi eta 15 eta 25 urte bitarteko bezeroak bilatzen dituzte". Apustu etxeen kontrako mugimendua ez da lokalen kontrako mobilizazioan gertauko, "Badaude bestelako formatu eta euskarriek kezkatzen gaituztenak", adierazi du Hodei Arangurenek, "Tabernetako joko makinak edo ta internet eta sakelekoen aplikazio eta apustu orrialdeekin ere lan egin behar dugu".

Apustu etxeen kontrako Iruñerriko plataformak protesta eguna deitu du larunbat honetarako. Eguerdian mahai inguru eta solasaldia eginen dute Katakraken, herriz herri eta auzoetako plataformak elkartu eta beren helburuak amankomunean jartzeko. Arratsaldeko 4etan zutabeak irtengo dira herri eta auzoetatik, Iruñeko Gazteluko plazan elkartu eta arratsaldeko 18:00etan manifestazio erraldoia egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!