Arantzako gizon bat hil da N-121-A errepidean, Irun parean, auto istripuan

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 7a, 11:40
N-121-A errepideko beste istripu bat, artxiboko irudi batean.

55 urteko Luis Mari Andueza Agararen autoak aurrez aurre jo zuen kamioi baten kontra. Urtea hasi zenetik errepide honetan hiltzen den hirugarren pertsona da.

Arantzako bizilagun bat, 55 urteko Luis Mari Andueza Agara, hil zen atzo N-121-A errepidean Irunen, Nafarroako mugatik lau kilometro eskasera. Gidatzen ari zen autoak aurrez aurre jo zuen kamioi bat, Ertzaintza ikertzen ari den arrazoiengatik, eta gizonak bizia galdu zuen berehala.

Ezbeharra 14: 50ean gertatu zen, 72. kilometroan, Endarlatsako tunelak igarota. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, Irungo noranzkoan zihoan Peugeot 306 modeloko auto batek eta Iruñerako noranzkoan zihoan DAF kamioi batek aurrez aurre egin zuten talka.

Istripuaren tokira Osakidetzako anbulantzia medikalizatu bat bertaratu zen, baina osasun langileek Nafarroako gidariaren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Ertzaintzaren patruilak ere bertaratu ziren ezbeharra gertatu zen lekura, eta eginbideen ardura hartu zuten, bai eta istripua gertatu zen dinamika eta inguruabarrak ikertzearena ere, tarte kurbo samar batean gertatu baitzen.

Istripuaren ondorioz, ibilgailuak galtzadan izan ziren. Hori dela eta, trafiko guztia, bi noranzkoetan, errepide zaharretik bideratu zuten aldi baterako, GI-3455 errepidetik, kontserbazioko langileek bidea garbi utzi zuten arte, ibilgailuen zirkulaziorako. Luis Mari Andueza Agara da aurten N-121-A errepidean bizitza galtzen duen hirugarren pertsona da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!