Bi urteko kartzela zigorra, sanferminetako talde bortxaketako biktimaren argazki bat zabaltzeagatik

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 6a, 10:28

Iruñeko Zigor arloko 4 zenbakiko Epaitegiak bi urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri dio 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren biktimaren argazki bat zabaldu zuen gizonari. Irudia biktima bortxatua zen bitartean hartua zen.

Epaileak epaian nabarmendu duenez, irudi horren ondorioz biktimaren inguruko pertsonek jakin zuten bera zela bortxaketa pairatu zuen emakumea.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, epaileak sekretuak ezagutaraztearen delituaren erruduntzat jo du gizona, osotasun moralaren aurkako delitu baten harira.

Gizonak Twitterren zabaldu zuen irudia auziaren sumarioan sartuta zegoen fotograma bat zen, eta Nafarroako Auzitegiak espresuki debekatu zuen zabaltzea.

Irudiarekin batera, iruzkina idatzi zuen: "La Manadak ustez bortxatutako neskak irudi hori ez zabaltzeko eskatu du, agian golfa mozkor bat baino ez zela pentsatuko dugulako".

Argitalpen horrek 64 iruzkin sortu zituen, 13 like, eta 16 aldiz partekatu zuten beste pertsona batzuek, eta "berriz biktimizatzea" eragin zuen erasotuarentzat. Epaiak, gainera, nabarmendu du irudi horren ondorioz, emakumea bortxaketa anizkoitzaren biktima gisa identifikatu ahal izan zutela, eta horren ondorioz tratamendu psikologikoa jaso behar izan zuela, ikasketak utzi behar izan zituela eta hiru hilabete baino gehiagoz atzerrira bizitzera joan behar izan zuela.

Epaileak bere kondena-epaian adierazi duenez, "salatzailea barregarri eta lotsatuta geratu da", eta, gainera, irudia zabaltzearen ondorioz, "prozedura horretan biktima-izaera ezagutzen ez zuten senideek eta ezagunek horren berri izan zuten".

Bi urte eta egun bateko zigorra ezartzeaz gain, 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eragin dion kalte moralagatik, eta 4.680 euroko isuna ordaindu beharko dio.

Erabaki judizialaren aurka helegitea aurkez daiteke Nafarroako Auzitegian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!