Bi urteko espetxe zigorra sanferminetako talde bortxaketaren biktimaren argazkia argitaratzeagatik

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 5a, 10:48

Zigortuak 2017ko abenduaren 6an zabaldu zuen argazkia Twitterren bitartez. Epaiak nabarmendu du argazki horren ondorioz askok jakin zutela biktima nor zen.

Iruñeko 4. Zigor Epaitegiak gizon bat zigortu du, Twitterren 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren biktima agertzen zen argazki bat argitaratzeagatik. Bi urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri dio, sekretuak ezagutarazteagatik eta osotasun moralaren aurkako delituarengatik. 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, kalte moralagatik.

Zigortuak 2017ko abenduaren 6an argitaratu zuen argazkia Twitterren. Auziaren sumarioan sartuta zegoen argazki bat zen, eta Nafarroako Auzitegiak espresuki debekatu zuen haren zabalpena. Epaiak nabarmendu duenez, irudi horren zabalpenaren ondorioz, bortxaketaren biktima nor zen jakin ahal izan zen, eta horrek ondorio negatiboak ekarri zizkion.

Zigortutako gizonak ideologia ultraeskuindarreko mezuak zabaltzen ditu sare sozialen bitartez, eta, horrez gain, 2015ean Democracia Nacional taldearen zerrendetan izan zen.

Ebazpena ez da irmoa; apelazio helegitea ezartzeko aukera dago, epaitegiak hura jakinarazi eta hurrengo hamar egunetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!