Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diote greba orokorraren deitzaileek Txibite presidenteari

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 4a, 13:31

Ordu bete eta hamabost minutu izan dira urtarrilaren 30eko greba orokorraren deitzaileak, Maria Txibite presidentearekin bilduta. Harrera ona egin diela aitortu dute bukaeran, baina orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela deritzote. Aldarrikapenak mahai gainean jarri dituzte. 

LAB sindikatuko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburuk azaldu duenez, Nafarroako Gobernuaren eskumenetan oinarritutako proposamena egin diote Txibiteri: gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan osatzea, langile publikoei kalitatezko enplegua bermatzea, berme errenta hobetzea, alokairuko etxebizitza sozialak bermatzea eta administrazio publikoetan 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanaldia ezartzea.

Lan eta bizitza duinen aldeko aldarrikapen gehienak, enpresarien esku daude. Horregatik, sindikatuek, patronalaren aurrean indarra egin dezan eskatu dute, prekarietatea gutxitu eta soldata duinak berma daitezen.

Mesfidati atera da bileratik Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuko idazkari nagusia. Hitz politak, ekintzetan islatu behar direla dio Lakuntzak, eta horrelakorik ez dutela aurrekontuen proiektuan ikusi salatu du.

Bi sindikatuek bat egin dute, aurrekontuetan planteatzen den fiskalitatea salatzerako orduan. Diru sarreretan eragina izan behar da, batez ere gehien dutenen ekarpenarekin, gero politika aurrerakoiak egin ahal izateko.

Gaur mahai gainean jarritako eskari eta aldarrikapenak bete ezean, udaberrian mobilizazio egutegi gogorra iragarri dute ELA eta LAB sindikatuek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!