Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak, Aita Santuak ezarritako ildoari jarraituz, Adingabeak eta Pertsona Zaurgarriak Babesteko Batzorde bat martxan jarriko duela iragarri du, Maite Quintana Nafarroako Caritaseko idazkari nagusi eta abokatuaren zuzendaritzapean.
Batzordeak kontzientzia-abusuen, botere-abusuen eta sexu-abusuen biktimak artatuko ditu, egilea edozein dela ere eta gertatu diren eremua edozein dela ere, hala Elizak nola beste batzuek, tartean familiakoak edo hezkuntzakoak, esan du Josetxo Vera Artzapezpikutzako komunikabideetako ordezkariak prentsaurrekoan.
Nafarroako herritar guztiei zerbitzu bat emateko bokazioarekin sortu da batzordea, babesik gabe dauden eta askotan ezkutuan eta isilpean geratzen diren pertsonek jasaten dituzten gehiegikeriei aurre egiteko. "Adingabe askok aurki dezaketen egoerak kezkatzen gaitu", adierazi du Maite Quintanak, eta gaineratu du "errealitatea oso zabala" dela, eta Batzordearen kezka "biktima" dela: "Berdin dio nola, non, noiz eta nork".
Elizak gizartearekin duen konpromisoa da, eta horri erantzuteko, batzordeak "biktimari arreta ematea" ezarri du lehen helburutzat, eta, horrekin batera, herritarrak sentsibilizatzea eta adingabeekin lan egiten duten pertsonak eta taldeak prestatzea, hala nola aisialdiko begiraleak, katekistak, apaizak eta erakundeak.
Eta zehaztu du prozesua biktimari harrera eginez eta hura entzunez hasiko dela, eta entzute hori elizako abusuen biktimen elkarteari ere zabaldu diola, harekin harremanetan jartzeko asmoa baitute.
Batzordea Ana Cristina Oriak, Manuel Martín mediku psikiatrak eta Miguel Barrio abokatuak osatuko dute, eta, oraingoz, Caritasek Nafarroan duen egoitzan egonen da, San Anton kaleko 8. zenbakian, eta 673 526 894 telefono mugikorraren bidez edo adingabeak@iglesianavarra.org helbide elektronikoaren bidez jar daiteke harremanetan.