IEk dio “akatsa” dela bere emendakin bakar bat ere ez onartzea

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 3a, 14:00

Marisa De Simon, parlamentuan, artxiboko irudi batean.

Beren zuzenketek aurrekontuak hobetzen dituztela eta atzera botatzeak gizartearentzat kaltea lekarkeela esan du Marisa De Simonek

Izquierda-Ezkerraren ustez, "akatsa" litzateke akordio programatikoaren gainerako sinatzaileek bere emendakin bat bera ere ez onartzea.

Hain zuzen ere, astelehen honetako Mahai eta Eledunen Batzarraren ostean, IEko parlamentari Marisa De Simonek ostegunean Navarra Sumaren osoko zuzenketaren aurka bozkatuko duela adierazi du; izan ere, kontuak "hobetzeko modukoak" diren arren, "ez dute osoko zuzenketarik behar". "Hobekuntzak behar dira, eta horretarako akordioak lortzea espero dugu, IEren zuzenketa batzuk sartzeko", gaineratu du.

Haren ustez, "herritarrentzat onena da Navarra Sumak zerga politika eta aurrekontuak zehazteko gaitasunik ez izatea", eta koalizioak aurkeztutako zuzenketa partzial bakar batek ere aurrera ez egitea "akatsa" litzatekeela iritzi dio.

"IEk aurrekontuei emandako aldeko botoa ez da beharrezkoa, baina gure zuzenketak guztiz bidezkoak, arrazoituak eta arrazoizkoak direla ulertzen dugu. Ez onartzea oso negatiboa izango litzateke, ez IErentzat, gizartearentzat baizik ", gaineratu du.

Bestalde, Navarra Sumako parlamentari Carlos Perez-Nievasek adierazi du jakitun direla UPN, Ciudadanos eta PPren koalizioaren osoko zuzenketak ez duela aurrera egingo, baina nabarmendu du "elkarrizketarako borondatea" dutela "zatikako zuzenketen gai zehatzetan", "aurrekontua hobetzeko".

"Beti eta azken unera arte ateak zabalik daude negoziatzeko", azaldu du Perez-Nievasek, eta Foru Gobernuak "lehentasunezko bazkidea aldatu behar" duela gaineratu du. "Ez da onargarria Maria Txibite presidenteak Navarra Sumaren alde egin ordez EH Bilduren alde egitea", gaitzetsi du, "elkarrizketa gehiengoarekin hasi behar da".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!