Gazteentzako lokal baten aldeko manifestazioa egingo dute bihar Irunberrin

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 24a, 13:35

Erika Herrigunearen itxiera salatzeko elkarretaratzea egin zuten asteazkenean udaletxe aurrean.

Irunberriko gazteek abenduaren 24an ireki zuten Erika Herrigunea, eta asteazkenean udalak eraikinaren sarrera hormatu zuen. Udal gobernu taldearen negoziatzeko borondate falta salatu dute. 

Abenduaren 24an sartu ziren Irunberriko gazteak erabilpenik ez duen udal eraikin batean. 29 egunez eraikina egokitzen, jarduerak antolatzen eta udalarekin hitz egiten saiatzen egon ondoren, iragan asteazkenean, hilak 22, lokala itxi egin zieten. Herriguneko kideek azaldu dutenez, bi udal ordezkari bertaratu ziren, langileekin batera, eta abisurik gabe atea hormatu zuten.

Erika Herriguneko gazteek salatu dutenez, “denbora asko” daramate lokal autogestionatu baten beharra aldarrikatzen. 2018ko udan hasi ziren lanean, eta behin baino gehiagotan bildu izan dira udal ordezkariekin, baina haiengandik “borondate falta” egon dela salatu dute: “Ez dute udal espazio bakar bat ere egokitzeko asmorik erakutsi, eta denbora pasatzen utzi dute”. Egoera horren aurrean erabaki zuten eraikinean sartzea, baina argi utzi nahi izan dute urrats horrekin ez zituztela negoziaketak moztu nahi izan, horiek “berehalakoak eta eraginkorrak” izan daitezela baizik.

Eraikina ireki eta bi egunera, Foruzaingoa bertaratu zen, gazteen hitzetan, “neurriz kanpoko dispositibo” batekin. Egun berean hiru udal ordezkarik errekerimendu bat eman zieten herriguneko kideei, eta haiek elkarrizketarako borondatea erakutsi zieten, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Gobernu taldearekin biltzeko instantzia bat baino gehiago ere aurkeztu dute, baina, esan dutenez, ez dute erantzunik jaso.

Hilaren 15ean ezohiko osoko bilkura bat egin zuten, EH Bildu udal taldeak eskatuta –proiektuaren alde agertu da talde hori–, AIL Agrupación Independiente Lumbierina taldeari eskatzeko gazteekin negoziatzera esertzeko, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Hurrengo egunean, lokaleko argia moztu zuten; ondoren, iragan astelehenean, atean zuten giltzarrapoa kendu zieten, eta azkenik, asteazkenean, eraikina hustera joan ziren.

Egoera horren aurrean, gazteek manifestaziora deitu dute, biharko, arratsaldeko 18:00etan, herriko Foruen plazatik abiatuta, gazteriarentzako lokal bat eskatzeko eta udalari eskatzeko gazteekin hitz egin dezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!