Nafarroako Auzitegiak atzera bota du Iriartek Cerdani egindako salaketa, "faxista" deitzeagatik

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 24a, 12:04
Iñaki Iriarte, Nafarroako Parlamentuan (Argazkia: nafarroako Parlamentua).
  • Epaileak kostuak ordaintzera kondenatzen du demandatzailea. Ebazpenaren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke.
  • Iriartek 10.000 euro eskatzen zizkion Cerdani, PSNk urrian egin zuen ekitaldi batean "faxista" deitzeagatik.

Nafarroako Auzitegiko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegiak atzera bota du Navarra Sumako parlamentari Iñaki Iriartek Santos Cerdan PSOEko diputatuari eta Lurralde Koordinaziorako idazkariari aurkeztutako demanda. Aurtengo abuztuaren 25ean, Iriartek 1936an hildako lehen erreketearen omenezko bazkari batean parte hartu zuen, Leitzan. Eta horren karietara, Cerdanek faxista deitu zuen Iriarte.

Iriartek epaiketan une oro ukatu zuen faxismoaren edota frankismoaren gorazarre ekintza batean parte hartu zuenik eta frankista zenik. Parlamentaria izateaz gain, Iriarte EHUko irakaslea da, eta esan zuen Cerdanen adierazpenek laneko ondorioak izan dituztela. Horregatik guztiagatik, 10.000 euroko kalte-ordaina emateko eskatu zuen.

Fiskaltzak ere iritzi bera agertu zuen, baina kalte-ordaina 100 eurora jaitsita.

Santos Cerdanen defentsak, berriz, frankismoa goratzeko ekintza bat izan zela azpimarratu zuen, eta, beraz, eskaria atzera botatzeko eskatu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!