Nasuvinsak alokairurako 380 etxebizitza sustatuko ditu 2020an

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 24a, 08:23

Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak ziurtatu du Nasuvinsa sozietate publikoa 2020an hasiko dela alokairuko 380 etxebizitza sustatzen, eta horietatik 169 dagoeneko esleituta daudela, eta beste 211 urtean zehar esleituko direla. Gainera, aurreikusita dago 2020rako alokairuko 651 etxebizitza sustatzea.

Horrez gain, sailburuak adierazi du partikularrekin egindako Nasuvinsako hitzarmenetan, 2020rako, 61 etxebizitza sustatzea aurreikusi dela, eta 2022ra arte beste 270 programatu direla; beraz, 900 etxebizitza baino gehiago egingo lirateke guztira epe horretan.

Navarra Sumak gai horri buruz egindako galdera bati erantzun dio Jose Maria Aierdik Parlamentuko osoko bilkuran, eta adierazi du "lehentasuna" dela arlo horretan: "Egun dauden etxebizitzei balioa ematea, auzo eta etxebizitzen birgaitze integrala egitea, eta alokairua lehenestea salerosketaren aurrean".

"Datuak eskandalagarriak dira", adierazi du Navarra Sumako parlamentari Jorge Esparzak, "2017an 5.961 ziren Nafarroan babes ofizialeko etxebizitzak eskatu zituztenak, eta gaur egun 9.120 baino gehiago dira". "Arreta berezia jar diezaiogun alderdi horri; bestela, ez gara gai izango Nafarroako gizartea gaur planteatzen ari zaigun arazoei etorkizunerako erantzun bat emateko. Etxebizitzari baliabide gehiago emateko egiten duten gauza bakarra birgaitzeko zuzkidura 3 milioi eurotan handitzea da. 3 milioi gehiago birgaitzean, alokairuko etxebizitzetan dugun eskaerari erantzungo zaio? Handinahiak izan daitezela, legealdi honetan izango ditugun erronka handienei aurre egin behar diegulako ", zehaztu du.

Aierdik foru parlamentariari erantzun dio "zalantzazkoa" dela aurrekontu igoeraren inguruan egin duen baieztapena, eta esan du "datuak errepasatuz gero, aurreko urteekin alderatuta aurrekontuaren hazkunde handia dagoela egiaztatuko" duela. "Zero borobila izan zen UPNk 2011tik 2015era sustatu zuen alokairuzko etxebizitza kopurua. Legealdi horretan, jarduketen %95 salerosketakoak izan ziren, eta ehuneko bost alokairukoak. Datozen bost urte hauetan, jarduketen %86 alokairuan izango dira ", adierazi du

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!