Iruñeko Udalaren publizitate lizitazioa salatu du Hekimen euskal hedabideen elkarteak

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 22a, 20:27

Hizkuntza irizpiderik ez ezartzea euskarazko hedabideak lizitaziotik kanpo uzteko "trikimailua" izan dela susmatzen du Hekimenek.

“Baldintzetan inolako hizkuntza irizpiderik ez jasotzeak agerian uzten du Iruñeko Udal gobernuak ez duela bertako euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko inolako asmorik”, salatu du ohar bidez Hekimen euskal hedabideen elkarteak. Euskarazko hedabideek euskararen normalizazio prozesuan betetzen duten funtzioa “erabat arrotz zaiola” erakusten du elkartearen ustez.

“Hizkuntza irizpiderik ez jartzea, hedabide guztiei gutxieneko audientzia maila berdina eskatzea edota balorazioan audientziaren gaiari puntu guztien %75 eskaintzea, guztiak ere euskarazko hedabideak lizitaziotik at uzteko trikimailuak izan direla pentsarazten digute”, ohartarazi du.

Nafarroako Gobernuak 2020 urteko ikus-entzunezko ekoizpena laguntzeko argitaratu duen dirulaguntza deialdian egin diren aldaketengatik kezka agertu du, bestalde, elkarteak. “Kasu honetan ere ez da hizkuntza irizpiderik ezartzen eta tipologietan edota diru-poltsetan egin diren aldaketek ez dute euskarazko hedabideentzat gauza onik iragartzen”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!