Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du gaur, ikasleek jasotzen dituzten hezkuntza edukiak zentsuratzea helburu duen guraso pin deiturikoa ezartzearen aurka. Adierazpenean, Nafarroako Gobernuak "erabateko babesa" eman die "berdintasunaren eta hezkuntza afektibo-sexualaren derrigorrezk edukiak bultzatzen eta irakasten dituzten irakasleei, zorroztasun zientifikoaren eta independentzia profesionalaren irizpide esklusiboekin".
Gainera, deitoratu ditu zenbait erakundek ikasleen hezkuntza integrala eta orekatua izateko eta gizabidezko balioetan prestatzeko eskubidea garatzen duten programazio pedagogikoen aurka egiten ari diren erasoak.
Adierazi du, halaber, “pentsamendu aniztasuna bermatzeko eta gizarte demokratiko batek derrigorrezko hezkuntzan ikasle guztiei helarazi behar dizkien berdintasun, bizikidetza, errespetu eta tolerantzia printzipioak irakasteko konpromisoa, Europako Kontseiluak gomendatzen duen moduan”.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Carlos Gimeno Foru Gobernuko Hezkuntza kontseilariak deitoratu du egunotan hezkuntzaren aurkako “eraso zuzenak” ikusten ari direla, eskola publikoaren esparruan, eta "irakasle, zuzendari eta ikuskaritza zerbitzuei mesfidantza helarazi izana" gaitzetsi du.
Kontseilariaren ustez, "ez dirudi onargarria 'gurasoen betoa' ideologia baztertzaile batean oinarritzea" eta "interes komuna eta ondasun komuna sinesmen eta interes partikularren menpe jartzea". Era berean, defendatu du demokrazia batean “errespetuarekin eta justizia sozialarekin lotutako balio komunak” adostu eta bultzatu behar direla, “ideologiarik inposatu gabe”. “Askatasunetik hezten da, askatasunerako", azpimarratu du.