Peraltak berretsi du prima bat ordaindu zitzaiola Betis taldeari

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 22a, 13:36

Osasunako zuzendaritzako kide ohiak, Miguel Artxankok esandakoa berretsi du. 2013/2014 denboraldian Betis taldeko jokalariei 400.000 euro ordaindu zien Osasunak, Valladoliden kontra irabaz zezaten. Peraltak esan du, irabazteagatik ordaintzea ez dela delitua, garaipena saritzea baizik.

Futbol partidak irabazteagatik beste talde bat ordaintzea delitua den edo ez, hortxe dago koska eta hori ere izanen da epaiketa honen azkeneko emaitzaren gakoetako bat. Izan ere, momentuz akusatu guztiek onartu dute, behintzat partidu baten emaitza diruz lagundu zutela, Betiseko jokalariak Valladoliden aurka irabaz zezaten. Gaur Txuma Peralta, Osasunako zuzendaritzako kide ohiaren txanda izan da. Aitortu du, 400.000 euro ordaindu zizkiotela Betisi, uste zutelako, Angel Bizkaik horrela esanda, legala zela. "Partidak irabaztea da futbolarien eginbeharra eta guk hori saritzen dugu, bai gure jokalariei baita, interesatzen zaigunean, beste taldeetako jakalariei ere, hori ez da iruzur egitea" adierazi du Peraltak.

Eta hemen, irakurketa judizialaren esparru ez zurrunean sartzen da auzia. Ligako barne kodeak debekatzen ditu horrelako ordainketak. Aldiz, legedi arruntak ez du horren argi esaten. Kode penalaren 286. Artikuloaren laugarren atalak dio, kirol lehiaketa baten emaitza nahita aldatzea edo ta manipulatzea bilatzen duten jarrerak eta jokamoldeak zigortu behar direla. Baina talde bat, irabazteagatik saritzea, hau da, lehiaketan egin behar duena egiteagatik saritzea, konpetizioa manipulatzea al da? Galdera horri erantzun beharko dio epaileak, behintzat Valladolid Betis auziaren kasuan.

Peraltak gaur ukatu ditu Angel Bizkaik aitortutako beste partida erosketak, baita Getaferi, Osasunaren kontra gal zezan egindako ordainketa. Onartu du,  Betisi ordaindu zitzaiola irabazteagatik eta berak ere, atzo aditu zen pelikularen itxura zeukan istorioa kontatu du, Sevillako aparkaleku ilun batean kotxe batetik bestera egin zela. "Ez nuen ikusi kotxean nor zegoen" esan du Peraltak. Horri helduko diete, Betiseko jokalarien defentsak, beren bezeroak bertan izan ez zirela argudiatzeko. Bihar izanen da beren txanda, zail izanen dute zulotik ateratzea, momentuz akusatu guztiek aitortu baitute partida batengatik 400mila euro eman zitzaizkiela, eta beren izenak azaltzen dira etengabe, negoziaketa, kontaktu eta ordainketen istorioan. Bihar, egiaren eguna izanen dela diote behin eta berriz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!