Euskal kulturaren erronken inguruko 'Hari izpia hartzen' jardunaldia ostiralean, Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 22a, 13:16

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Karrikiri elkarteak eta Elkar Fundazioak antolatu dute, Nafarroan euskal kulturaren arloan egin beharreko urratsak identifikatzeko eta aurrera begirako helburuak zehazteko. 

Euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak aztertzeko gogoeta partekatua egingo dute ostiralean Kondestablearen jauregian, Hari izpia hartzen izeneko jardunaldia antolatu baitute Elkar Fundazioak, Karrikiri topaguneak eta Nafarroako euskara teknikarien sareak.

90 lagunek parte hartuko dute, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, oso azkar bete dira toki guztiak; horrek erakusten du kezka dagoela euskal kulturaren erronken inguruan. Parte-hartzaileak, gainera, “esparru askotakoak” dira. Antolatzaileak harrerarengatik “harrituta eta pozik” azaldu dira.

Gogoeta batetik abiatu dira jardunaldiak prestatzeko: euskal kulturaren transmisioan eten bat egon dela. Kausak edo faktoreak ugariak direla uste dute antolatzaileek; besteak beste, kultura kontsumitzeko bideak aldatu dira, eta kalitatezko produktuak dauden arren, irisgarritasuna urria da. Faktore horiei guztiei heltzeko hiru ardatzetan banatuko dute jardunaldia: ikusgarritasuna eta prestigioa, kontsumoa eta transmisioa.

Gai horiek oinarri izanik, diagnostiko bat egingo dute, eta erronkak identifikaturik, aurrera begira egin beharreko urratsak zehazten saiatuko dira. Antolatzaileek garbi dute, halere, jardunaldia lehenbiziko pausu bat, abiapuntu bat, baino ez dela izango, eta gerora ateratako ondorioei heltzeko modua zehazten jarraitu beharko dutela.  

Egun osoko egitaraua

Egun osoko egitaraua prestatu dute ostiralerako. Jardunaldiari hasiera emateko, Josu Amezaga EHUko irakasleak euskal kulturaren kontsumoa ulertzeko garrantzitsuak diren gako zenbait eskainiko ditu. Ondoren, Jon Abrilek euskal kulturak Nafarroan dituen erronken inguruko gogoeta bat gidatuko du. Haren ostean, Miren Artetxe bertsolari eta EHUko irakasleak gazteen eta transmisioaren inguruko hitzaldia emango du, Ipar Euskal Herriko bertso eskoletan egindako ikerketa etnografiko batetik abiatuta, Irati Majuelok gidatuta. Amaitzeko, solasaldi bat egingo dute, Euskal Herriko hiru esperientzia ezagutzeko, Aitor Elexpuru Berako alkatearekin, Xabier Gantzarain Azpeitiko Kultur Mahaiko kidearekin eta Gartzen Garaio Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidearekin.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!