Bizkaik partidak erosi zituztela esan du, eta Artxankok irabazteagatik prima bat ordaindu zutela soilik

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 21a, 13:55

Saio mamitsua eta beroa Osasunaren epaiketan. Angel Bizkai gerente ohiak aitortu egin du talde gorritxoaren zuzendaritzak partiden emaitzak diruz ordaintzea erabaki zuela zuzendaritzak, tartean Getaferi Osasunaren kontra gal zezan. Aitortza berria izan da hau.

Aurrez aurreko saioa izan da Bizkai eta Artxankorena, batak besteari epaitzen ari dena leporatuz. La Ligaren aurrean egin bezala, Bizkaik dena kontatu du eta orduan aitortutakoetatit haratago joan da. Epaiketa gai diren 2013/2014 denboraldiko partidez gain, 2012/2013 denboraldian ere partidak erosi zituela aitortu du Bizkaik, “150.000 euro ordaindu zitzaien Betis eta Vlladolid taldeei beren partidak irabaz zitzaten eta  400.000 euro eman zitzaion Getaferi, Osasunaren kontrako partiduan nahita gal zezaten”. Diru mugimendu hauek Osasunaren kontuetan justifikatzeko, ordainagiri faltsuak erabili zituztela azaldu du Bizkaik, horretarako Txuma Peralta zuzendaritzako kideak aurkeztutako Catalunyako bi enpresarien laguntza izan zuten. Hurrengo denboraldian eta berriz ere bigarren mailara jeisteko mehatxupean, taldearen zuzendaritzak partidak erostea erabaki zuela azaldu du gerente ohiak. Betisi ordaindu zitzaion Valladolid irabaz zezan eta  Espanyolen jokalariek ez zuten beren partida galtzeko dirurik ordaindu baina berdinketa onartu zuten. Betiseko jokalariei Osasunaren kontra gal zezaten ere ordaindu zitzaiela esan du. Bilera, negoziazio eta ordainketa hauetan Bizkaik eta Peraltak parte hartu zuten pelikula itxura izan duen kontakizunean. “Sevillara joan ginen, furgoneta batek hartu gintuen hotelean eta estalitako parking batera eraman gintuzten” azaldu du Bizkaik, “Hantxe ziren gure zai Betiseko hiru jokalari, beste kotxe batean sartuta. Dirua zenbatu eta eraman zuten”. Beste ordainketa bat Antonio Amaya, Betiseko jokalariaren kotxean egin zela azaldu du, “Aurreko eserlekuetan eseri ginen gu, atzekoetan, jokalariaren emaztea zegoen, baita lotan zegoen bere alaba txikia ere”. Ordainketa hoiek egin ahal izateko, zuzendaritzako kideek beren poltsikotik dirua jarri zuten, baita garai haietan Osasunako sponsorra zen Lacturale enpresak ere, “Ez genien esan zertarako zen” aitortu du Bizkaik, “Osasunak behar handia zeukala esan genien”.

Miguel Artxankok hitza hartu eta berehala, Bizkaik esandakoak ezeztatzen hasi da. Diru mugimenduen kontrola gerenteari egotzi dio zuzen zuzenean. Partiden salerosketaz galdetuta, dena ukatu arren, partidu bat erosi zela aitortu behar izan du. “2014.denboraldiaren amaieran, behar larria genuenez, Betiseko jokalariak Valladoliden kontra irabaz zezaten ordaintzea erabaki genuen zuzendaritzan” azaldu du Artxankok, “Ordainketa Bizkaik eta Peraltak egin zuten Sevillan” hain zuzen gerenteak azaldutako aparkalekuen istorio berezi horretan. Bestelako diru ordainketak ukatu ditu. Getaferen kontrako partidaren aurretik izandako 400.000euroko mugimenduaz galdetuta, “Puñal eta Flaño kapitainekin adostutako Osasunako jokalariendako motibazio ordainsaria adostu genuen” erantzun du Artxankok.

Osasunako zuzendaritzako kideak entzunda, Betiseko jokalari akusatuen lekukotzak hartuko du hurrengo egunetan protagonismoa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!