EH Bildu eta Nafarroako Gobernuak lortutako aurreakordioa jakin eta berehala iritsi ziren atzo lehenengo erreakzioak. Twitter sare soziala erabili dute nafar ordezkari politiko askok horretarako, bai Nafarroan eta baita Madrilen ere.
Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak "EH Bildu normalizatzea eta zuritzea" leporatu dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteari, koalizio abertzalearekin aurrekontuen inguruan lortutako aurreakordioaren ostean, eta aurrekontuen proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diotela iragarri du, "kontinuistak" direlakoan.
Esparzaren ustez, Foru Gobernuak aurkeztutako proiektuak "aurreko legealdian lau alderdiek egin dituzten politika guztiak berresten ditu". "Aurrekontu hauek Uxue Barkosek eta Adolfo Araizek aurkez zitzaketen, eta inork ez gintuen faltan botako", gaineratu du.
Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramaileak "Otegiren alderdiarekin aliatuta jarraitzea" leporatu dio PSOEri. "Inoiz egingo ez zuela agindu zuena egin du berriro", esan du. Ciudadanoseko bozeramaileak bideo bat argitaratu du Pedro Sanchezen hitzaldi publiko batekin, eta bertan esaten zuen ez zuela itunik egingo alderdi horrekin: "PSNk eta PSOEk jarrera bera dugu, Bildurekin ez dugu ezer adostuko".
Ana Beltran Alderdi Popularreko Antolakuntza idazkariorde eta Nafarroako PPko presidenteak PSNri, eta, zehazki, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteari, leporatu dio "gezurra esatea" eta EH Bildurekin foru erkidegoko aurrekontuak negoziatzea, ETAko presoak Euskaditik gertu dauden kartzeletara "hurbiltzearen" truke.
Ahal Dugu-k Foru Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurreakordioa ospatu du eta "gizarte politiketan aurrerapausoak" ekarriko dituela sinetsita. Mikel Buil Ahal Dugu-k Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak adierazi duenez, "Nafarroako indar aurrerakoien arteko elkar ulertzea alternatiba fidagarria, erreala eta iraunkorra dela erakusten ari da, eskuinak, Estatuan ez ezik, Nafarroan ere, bere proposamen bakoitzean planteatzen ari den inboluzio arriskutsuaren aurrean".