Gartxot Eguna ospatuko dute asteburuan Itzaltzun

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 17a, 13:08
Astebururako dena prest egon dadin lanean dihardute egunotan Itzaltzun.

Gartxoten kondaira zabaltzeko helburua duen festa da, eta urtero bezala, larunbat eta igandean egingo dute. Besteak beste, kontzertuak, liburu aurkezpenak, bertso saioak, bazkariak eta ibilaldia izango dira.

Gartxot bardoaren istorioa zabaltzeko helburua du Gartxot Egunak, eta urtero ospatzen dute, neguan, Itzaltzun. Jaialdia izango zenaren lehen alea orain dela hamahiru urte jarri zuten, herriko gazteek Gatxot gogorarazteko ezer ez zegoela ikusi eta oroigarri bat sortzea erabaki zutenean. Taila bat jarri zuten herriko plazan, haren istorioa hiru hizkuntzatan azaltzen zuena, eta ordutik, festa handituz eta Gartxoten istorioa zabalduz joan da; lehenik Zaraitzu ibarrean, eta gutxika handik kanpo, Euskal Herri osora zabaldu arte. Ibilbide horretan, mugarria izan zen 2011n Asisko Urmenetak haren inguruko film bat sortu izana.

Baina nor zen Gartxot? XI. Mendeko Itzaltzuko bardo bat zen, gidari lanak egiten zituena Orreagan, eta haren seme Mikelotekin batera kantuan ateratzen zena. Eta honakoa da bere istorioa: Orreagoko fraideak Mikelot semea hartu nahi zuen ahots ederra zuelako latindar kantuak abesteko. Parrokoaren asmoa Gartxoten semea adoptatzea zen, Mikelot bertsolari erlijioso bihurtzeko. Baina Zaraitzuko jaunak Mikelot eta Gartxot harrapatu egin zituen, eta Fraideak Mikelot hartu baino lehenago, Gartxotek bere semea hil egin zuen. Orduan, Gartxot kondenatu zuten bizitza osoan dorre batean preso egotera. Usoek limosna eta janaria ematen zioten arren, 1110eko apirilean hil egin zen.

Egitaraua

Larunbatean, eguerdiko 12:00etan zabalduko dute festa, Itzaltzuko plazaren oroigarriaren inguruan, Oreka TX txalapartarien eta Amaren Alabak taldeak lagunduta. Egun horretan izango dira Ainize Maradiagaren eta Asisko Urmenetaren liburu eta komiki aurkezpenak, bazkari herrikoia, Jon Maia eta Aimar Karrikaren bertso saioa, Beñat Achiary eta Joseba Irazokiren kontzertua eta Gathubi eta DJ Ezekielen emanaldia ere, besteak beste. Igandean berriz, Elkorretara ibilbidea egingo dute; ondoren haurrentzako jolasak egongo dira, eta horren ostean, bazkaria.

Gartxot Ekimena elkarteak antolatzen du festa, baina auzolanean prestatzen dute, auzolan erraldoi batean, eta lanean buru-belarri dihardute egunotan astebururako dena prest egon dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!