Kaleratutako TRWko bi langile berriz hartzeko agindu du Epaitegi Gorenak

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 17a, 08:30

Bi langileak patologia kronikoak izateagatik diskriminatu zituztela dio epaiak. Ezin ziren sartu 22 langile kaleratu zituen enplegu-erregulazioko espedientean. CGT sindikatuak eraman du gaira auzitegietara.

2019. urtearen hasieran, Nafarroako Auzitegi Nagusiak kaleratutako bi lankideren kaleratzea baliogabetu zuen. Epaiaren arabera, "Patologia kronikoengatik bereziki sentiberak diren langiletzat hartzen direnez, kaleratzeak oinarrizko eskubide bat urratzen zuen eta zeharkako diskriminazioa eragin zuen".

Enpresak helegitea jarri zion erabaki horri Espainiako Auzitegi Gorenean (Madril), eta "Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak langileak berriz onartzera behartzen zuen arren, lanera sartzen ez uztea erabaki zuen, denbora honetan guztian ordaindu behar ziela jakinda ere", azaldu zuen CGTk. Auzitegi Gorenak, ordea, atzera bota du helegitea, eta epaia berretsi du; beraz, langileek enpresan sartzeko aukera izango dute, automobilgintzarako zuzendaritzen fabrikazioan aritzen baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!