Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du "terrorismoa edota ETA erabiltzeak edo banalizatzeak" mesede gutxi egiten diola "demokrata guztion garaipenari, hau da, talde terroristarekin amaitzea". "Terrorismoa eta ETA eztabaida politikoetan ez hutsaltzea" eskatu du.
Maria Txibitek ostegun honetan berretsi duenez, berak ez du esan "eskuina ETArekin hobeto bizi zenik", eta bere hitzen "interpretazio maltzurra" egon dela ziurtatu du. "Esan nahi nuena zen ez ditugula terrorismoa eta ETA talde terrorista hutsaldu behar eztabaida politikoetan. Espainiako Gobernuaren inbestidura saioan ikusi dugu, uste dut ez naizela hori esaten ari den bakarra, baita Borja Semperrek ere (politika utzi berri duen PPko Euskadiko buruzagia)", adierazi du , Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurara iristean hedabideei egindako adierazpenetan.