EAko militanteek primarioak egiteko eskatu diote Blancori

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 16a, 07:53

Eusko Alkartasuneko (EA) militanteek primarioen deialdiarekin "estatutuak bete eta militantziari ahotsa emateko" exijitu diote Eba Blanco alderdiko jarduneko idazkari nagusiari.

Ohar baten bidez, gogorarazi dute larunbat honetan, urtarrilaren 18an, betetzen direla EAko estatutuek alderdiaren Idazkaritza Nagusia aukeratzeko primarioak deitzeko ematen dituzten bi hilabeteak, "Baina Eba Blancok ez dio afiliazioari oraindik jakinarazi noiz egingo diren".

"Eba Blanco jarduneko idazkari nagusi aukeratu zuten 2019ko azaroaren 18an, eta, EAren estatutuen arabera, bi hilabeteko epean primarioak deitzea da jarduneko Idazkaritza Nagusirako aukeratutako pertsonaren misio bakarra", nabarmendu dute. Hala ere, Blancok "primarioak deitu gabe" jarraitzen duela kritikatu dute, "Alderdiaren estatutuetan jasotakoa eta Lurralde Batzarrek eta militantziak eskatutakoa mespretxatuz".

Era berean, afiliatuek gogorarazi dute azaroaren 11n, auto judizial baten bidez, "Kautelaz ezarri zela Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatzearen etetea". Era berean, azaroaren 12an, Gasteizko lehen auzialdiko 7 zenbakiko epaitegiak auto judiziala "berehala betetzea" eta Blanco idazkari nagusi izendatzea bertan behera uztea ezarri zuen.

Hala ere, azaroaren 18an alderdiaren Batzar Nazionalak, "Blancoren aldekoak gehiengoa diren tokian", jarduneko idazkari nagusi izendatu izana kritikatu dute, "Epailearen aginduari entzungor egiteko". "Auto judiziala ez betetzeko eta auzitegiei kasurik ez egiteko erabakia, ez barnekoak, baita kanpokoak ere", gaitzetsi dute.

"Blancok ezin du bere behin-behinekotasuna betikotu, eta bi hilabeteko epea du primarioak deitzeko. Larunbat honetan amaituko da epe hori, eta EAko militanteek ez dute euren asmoen berri ", adierazi dute; izan ere," Eba Blancori dagokio primarioak deitzea militantziari ahotsa emateko eta honek erabaki dezan ".

Eusko Alkartasunako afiliatuen ustez, Eba Blancok "behin behinekotasuna ez luzatzeko eta alderdiari egonkortasuna emateko interesa izan beharko luke". "Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira aurten, eta hauteskundeak prestatzeko lanak berehala hasiko direnez, alderdiak ezin du behin-behinekotasuna luzatzen utzi", azpimarratu dute. "Salbu eta, horrela, posizio pribilegiatu batetik eta afiliazioaren eta barne arauen bizkar, Legebiltzarrerako hauteskunde zerrendetan sartu nahi badu, legebiltzarkide karguari eusteko", adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!