Nafarroako Eskola Kontseiluaren berrikuntza proiektuen inguruko jardunaldia hasiko da gaur

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 15a, 13:40
Patxi Larrainzar eskolako haurrak, 'Argiarekin esperimentatzen' proiektuarekin jolasean

Familiei, irakasleei, gizarte eragileei eta udal arduradunei zuzenduta daude, eta gaur, bihar eta etzi egingo dituzte Nafarroako Museoko ekitaldi aretoan, eta hurrengo astean, berriz, Tuterako UHUNn.

Nafarroako Eskola Kontseiluak ikastetxeetan sortutako proiektu berritzaileei eskainitako jardunaldiak antolatu ditu, hamalaugarrenez. Familiei, irakasleei, gizarte eragileei eta udal arduradunei zuzenduta daude, eta gaur, bihar eta etzi egingo dituzte Nafarroako Museoko ekitaldi aretoan, eta hurrengo astean, berriz, Tuterako UHUN Espainiako urrutiko hezkuntzarako unibertsitate zentroan.

Gaur arratsaldean, irekiera ekitaldian izango dira Tomas Rodriguez Lanbide Heziketako zuzendari nagusia eta Manuel Martin Nafarroako Eskola Kontseiluko presidentea. Ondoren, Amaia Nazarrek 'Montessori pedagogia: gela-zikloa-familia-zentroa' izeneko hitzaldia emango du, eta haren ostean, euren proiektuak aurkeztuko dituzte Arizkungo ikastetxeak, Iruñeko Patxi Larrainzarrek eta Iruñeko Hezitzaile Eskolak.

Patxi Larrainzarren kasuan, argiarekin esperimentatzeko sortu duten proiektua aurkeztuko dute. Zientzia du oinarri, eta ezagutza ereduak sortzeko estrategiak erakustea helburu.

Arizkungo eskolak, berriz, ikasleen aniztasunari erantzuna emateko tailer inklusiboak aurkeztuko ditu. Eskoletan haurrei beren gaitasunak azaleratzeko aukera ematen dieten tailerrak dira, Francesco Tonucci pedagogoaren teorietan oinarritutakoak. Bost tailer egiten dituzte eskolan, arratsaldeetan, eta mugimenduan eta askatasunean oinarritzen dira.

Bi proiektu horien aurkezpenak gaur egingo dituzte; eta Bihar, Iñaki Ochoa de Olza zentroaren, Gurutze Plazako institutuaren eta Noaingo San Miguel eskolaren txanda helduko da. Ostiralean, berriz, Corellako Arte eta Diseinu Goi Eskolak, Tuterako Valle del Ebro institutuak eta Iberoko Isterria Hezkuntza bereziko zentroak aurkeztuko dute beren proiektuak. Heldu den astean Tuterara helduko dira jardunaldiak, eta aipatutako ikastetxe horiek guztiek beren proiektuak aurkeztuko dituzte han.

Saio guztiak arratsaldeko 17:30etik 20:00etara izango dira, eta parte hartzea librea da, baina aldez aurretik izena eman beharra dago, Nafarroako Eskola Kontseiluaren bidez edo Hezkuntza Departamentuko irakasleentzako prestakuntza-atariaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!