U30 Greba orokorra

Borondatea eskatu diote patronalari ELA eta LAB sindikatuek

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 13a, 13:44

Lan baldintza duinak lortzeko lanbidearteko akordiorako proposamena helarazi diote CENi. Aldarrikapenak aurrera ateratzeko, mobilizazioa ezinbestekotzat jo dute. 

Lan duinaren aldeko lanbidearteko akordiorako proposamena helarazio diote ELAk eta LABek gaur goizean CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari. Lau proposamen zehatz helarazi dizkiote: 1.200 euroko gutxieneko soldata, soldata arrakalarekin amaitzea, azpikontratazioetan subrogazioa bermatzea eta gutxienez hogei orduko eta gehienez 35eko lanaldia ezartzea.

Sindikatu abertzaleen hitzetan, akordio proposamen horren bitartez, patronalak “prekarietatearekin eta esplotazioarekin amaitzeko” eta lan baldintza “duinak” lortzeko aukera luke; ondorioz, borondatea eskatu diote patronalari. “Patronalak nahi izanez gero, lortuko dugu prekarietatearekin amaitzea”, Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzailearen hitzetan.

Iragan astean  pobreziari buruzko hirugarren txostena aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, eta sindikatuek aipamena egin diote. Txostenaren arabera, egun 80.000 lagun daude pobrezia egoeran Nafarroan, eta horietatik erdiek lana dute. ELAren eta LABen iritziz datu horiek “lotsagarriak” dira, ekonomia hazten ari den arren, pobrezia ere gora egiten ari delako. “Patronalak esaten digu haiek sortzen dutela ondasuna Nafarroan, bana langile pobreak daude Nafarroan, horrela aitortzen du gobernuak”, salatu du Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak. Hori dela eta, haren ustez aukera “ezinhobea” da patronalak duen borondatea ikusteko.

Hala ere, ez dute espero patronalak bere kabuz aurrerapausorik egitea, eta ondorioz, ezinbestekotzat jo dute langileek “presioa” egitea enplegu duinaren aldeko aldarrikapenak aurrera ateratzeko. Horretarako, hurrengo hitzordua urtarrilaren 30eko greba orokorrean dutela gogorarazi dute.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!